Arizmendi Ikastolako Jose Arana gunekoek antolatutako Eskoriatzako Ferixie herritarrek egutegian markatuta izaten duten eguna izaten da, eta zapatu honetan 24. edizioa zen egitekoa. Azokarik ez da egongo, baina antolakuntzako kideek ez dute eguna ahazterik nahi, eta, hori horrela, aurtengo feriako kartela egin dute, eta baita azokak izaten dituen ekintzak modo umoretsuan ikus-entzunezko batean adierazi ere.
Feria ez egin arren, Youtube plataforman FERIXIE 2020 idatzita zapatura begira eskoriatzarrei zuzendutako proposamenak ikusi ditzaketela adierazi dute Arizmendiko kideek: "Egoera zein den ikusita, Ferixie ezingo da egin urtero moduan, baina uste dugu ikastolarentzat eta eskoriatzarrentzat egun garrantzitsua dela, eta, hori horrela, bideo bat egitea aukera ona zela pentsatu genuen, zapatuan feria eguna izango dela adierazteko eta egiten den guztia gogorarazteko. Hala, ekintza batzuk ere proposatuko dizkiegu familiei etxean egin ditzaten", adierazi du Jon Kortazar Arizmendi Ikastolako irakasleak.
Ikus-entzunezko umoretsua
Ikus-entzunezkoan, ferian egin, ikusi eta erosi daitezkeen gauzen berri eman dute modu umoretsuan bertan parte hartu duten protagonista guztiek: aurpegiak margotzen eta maskarak egiten, urteroko txartel salmentaren parodia egiten, taloak nola egiten dituzten erakusten edota erraldoien kalejira egiten erakutsi gura izan dute haurrek, gurasoek eta irakasleek.
Horrekin batera, sagardoa edaten, gazta zozketan eta euskal dantzak egiten agertu dira bideoko protagonistak. Urtero moduan, hutsik egin barik, ez dira falta izan bertsoak; kasu honetan, Haizea eta Oihana Aranak egin dutena, eta ezta ere txapel jaurtiketa txapelketa. Horrez gainera, artisau, nekazari eta bestelako postuak ere izan dituzte gogoan, eta, eskerrak emanez, produktuak erosi nahi dituenarentzat harremanetarako kontaktuak ere ezarri dituzte feriako bideoaren amaieran.
Antolakuntza, eskertuta
"Eskerrak eman nahi dizkiogu aurtengo ediziora begira hasieratik laguntzen eta antolatzen aritu den guraso talde guztiari. Eta Karmelo Oñate marrazkilariari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, aurtengo feriako kartel ederra egitearren eta zapatura begira haurrek marrazteko atera dituen eskuorriengatik. Aurten, hala izan beharko du, baina datorren urtekoa izugarria izango da…", adierazi du Esti Aguado Arizmendi Ikastolako Jose Arana guneko irakasleak.
Eskuorriak, komertzioetan
Karmelo Oñatek egindako feriara begirako eskuorriak astean zehar banatu dituzte herriko zenbait komertziotan: Coviranen, Dorleta liburu-dendan, Zarus goxoki dendan eta Eroskin, hain zuzen ere. Hala, koloreztatzeko eskuorriak gura dituenak hauetako komertzioren batean galdetu eta eskuratu ditzake –edo Goiena.eus webgunetik deskargatu–: "Asmoa da herritarrek eskuorri horiek marraztu eta zapatura begira leiho eta balkoiak apaintzea…", gaineratu du Aguadok.
Marrazteko bi ereduak
Feriako kartelean koronabirusari erreferentzia eginez, txorimaloa, astoa eta oilarra marraztu ditu Oñatek maskara jantzita daudela, eta bertako produktuen saskia aurrean dutela. Hori horrela, bi txantiloi atera ditu: ,atetik, kartela bera, eta, bestetik, feriako txorimalo lehiaketari erreferentzia eginez osatutako marrazkia.