Ixkur ile-apaindegia, arte-galeria bihurtuta

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 29a, 09:41

Larraitz Iparragirre, Ixkur ile-apaindegiko jabe Eider Kortazarrekin.

Salbuespen egoeretarako emergentziazko paisaiak izeneko erakusketa jarri du Larraitz Iparragirre artista eskoriatzarrakk Ixkur ile-apaindegian. Konfinamenduan egindako lanak dira guztiak, akrilikoz eta pigmentu naturalak mihisearen gainean egindakoak. [Lanak]

Bere ama Ixkur ile-apaindegira ilea moztera eramanda, eta bertako pareta beltza erakusketa baterako aproposa zela ikusita, konfinamendu garaian egindako lanen bilduma jarri du ikusgai Larraitz Iparragirre eskoriatzarrak. Hamar lan batzen ditu Salbuespen egoeretarako emergentziazko paisaiak izeneko erakusketak, eta akrilikoz eta pigmentu naturalak mihisearen gainean egindakoak dira guztiak. Artelan guztiak, gainera, abstraktuak dira.

Erakusketak jartzeko zailtasuna

2016an erakusketak egiten hasi zen Iparragirre, baina Euskal Herrian ez dela erraza lanak erakustea adierazi du: "Lehenengo erakusketa jarri aurretik margotzen nuen, baina ez nintzen ausartzen jendeari erakusten. Guatemalan bizi izan naiz urte dezente, eta han errazagoa da galeriak topatzea. Gainera, artista ugari nituen nire zirkuluan, eta Latinoamerikako bezeroekin hartu-emana izatea errazagoa da han, piezak erakusgai jartzeko bada edo saldu nahi badituzu. Euskal Herrian, berriz, ez da samurra. Internetetik saltzen aritu naiz, baina artista izatetik bizitzea zaila da hemen".

Artista izatetik bizitzea, zaila

Arte plastiko abstraktua gutxi batzuen artea izango balitz moduan geratzen dela ere gaineratu gura izan du Iparragirrek: "Dena ulertu behar dela ematen du, baina ezagutu beharra dago. Artisten lana infrabaloratuta dagoela uste dut, eta, zaletasuna baino gehiago izan arren, bizirik irauteko beste lan bat izan behar duzu gehienetan, nire kasuan moduan. Horrekin batera, ez dago artistentzat egiturarik, laguntzarik… kultura etxeetan ere ezin da salerosketarik egin, eta, gaur egun Internetek asko laguntzen duen arren, ez da samurra".

Erakusketa, inaugurazio barik

Inaugurazio ekitaldia egitea ezinezkoa izan den arren, astelehenetik ikusgai izan dute ileapaindegira joan diren bezeroek eskoriatzarraren obra: "Astelehenean jarri genuen erakusketa ile-apaindegian, eta hauek kentzeko datarik ez dugu jarri. Bertan egongo dira, momentuz. Azken finean, etxean jarri beharrean hobeto daude Ixkurren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak