Urratsak egiten hasi da 'Eskoriatza bizirik'

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 21a, 09:32

Herriko elkarte eta eragileetako ordezkariak udalbatzako zenbait kiderekin eta teknikarirekin batuta

Eskoriatzako Udalaren martxan jarri berri duen egitasmoak herriko kultura talde eta eragile guztiak batzea eta elkarlana sustatzea du helburu. Hala, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egin zuten martitzenean, bideo-dei bitartez.

Herriko elkarte eta eragile ezberdinetako ordezkariak Eskoriatzako udalbatzako zenbait kide eta teknikarirekin batu ziren martitzenean, bideo-dei bitartez, Eskoriatza bizirik proiektuaren berri emateko. Egitasmo honen funtsa da herriko elkarte eta eragileak batzea eta, herrian egingo diren ekintzak gainjarri barik, elkarlana sustatzea.

Eskoriatzako musika bandako, Olazar Erretiratuen Elkarteko, gaztelekuko, ludotekako, talogile elkarteko, Atama Kenpo Eskoriatza taldeko, San Pedro eta Intxaurtxuetako jai batzordeko, Txistulari eta Trikitixa Eskolako, Eskomotor-eko, talde feministako, Beheko Errota musika eskolako, Atxorrotx Kultura Elkarteko, Arizmendi eta Luis Ezeiza ikastetxeetako, eta abarreko ordezkariak izan ziren bileran, eta, gaur egungo egoera ardatz, aurrera begira Eskoriatza sozialki, ekonomikoki eta kulturalki indartzeko eta ideia berriak batzeko lehenengo batzarra egin zuten.

Partaideak "gogotsu"

Antonio Regaño zinegotziak adierazi duenez, "egoerarekiko jarrera baikorra" erakutsi dute partaide guztiek, eta proiektuaren "ideiarekin ados eta gogotsu" daudela adierazi du: "Herrian egin izan diren zenbait ekintza hutsetik hasita antolatu izan ditugu, eta, horiek erreferentzia moduan, aurrera begirakoak modu berean antolatzea da asmoa. Hala ere, talde guztien partaidetza eta laguntzarekin. Hala, begi onez ikusi dute egitasmoa, eta aldizkako bilerak egitea da hemendik aurrerako asmoa. Talde bakoitzak bere ekarpena egingo du, eta egutegi bat finkatu nahiko genuke egin gura diren ekintzak zehaztuz".

Lehentasunak markatuz

Kulturaren garrantzia azpimarratzekoa dela adierazi arren, herritarrek dituzten arazo ekonomikoek eta osasunak dutela lehentasuna adierazi gura izan du Regañok: "Pertsonen ongizateak izango du lehentasuna, baina, gero, herriko komertzioak indartzeaz batera, ekintza kultural, sozial eta kiroletakoak indartu gura genituzke. Jaiek itxaron dezakete. Udalaren aurrekontua ere jaitsi egingo da, eta hori jakin arte ezingo dugu gauza handirik egin…".

Jaietarako zer egin jakin barik

San Pedro jaiak bertan behera geratuta, ekintzaren bat edo beste antolatzeko nahia ere adierazi dute, baina, egoerak baldintzatuta, zehaztekotan utzi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak