Larrialdi krisian, eskoriatzarrak une latzari umore ona jartzen saiatzen dira, eta horren adierazgarri da, bereziki, San Pedro auzoan egunotan bizi dena. Izan ere, alarma egoera hasi zenetik, iluntzeroko ohitura bihurtu da osasun langileen lana eskertzea eta aitortzea, eta, Eskoriatzako kasuan, 20:00etako txalo zaparradaren ostean, egunero irteten da Andoni Moto eskoriatzarra leihora zenbait musika pieza bozgorailuetatik jartzera. Hala, une batez, auzoa girotzen du horrela, eta bizilagunen erantzuna "positiboa" dela adierazi gura izan du. Asteburuetan, berriz, luzatu egiten du musika saioa, eta zapatu honetan, poteo ordurako hitzordua ere antolatu dute. Hain zuzen, 12:30etik 14:30era bitartean, kanta mexikarrak jarriko ditu Motok, eta herritarrei balkoietara ateratzeko dei egin gura izan die.
Jai gogoz, bi hitzordu nagusi
"Egunero lau kanta jartzen ditut eta estilo ezberdinetakoak jartzen saiatzen naiz. Musikaz haratago, Apirileko Azoka ere ospatu dugu auzoan; Sevillako azoka islatzen saiatu gara, hitzordurako balkoi eta leihoak apainduz. Horrekin batera, gure auzoaz gain, herri guztira zabaldu den Euskal Konfinamendu Jaia ere egin da, Euskal Herriko beste zenbait herritan moduan. Baserritar jantzita irten ziren herritarrak balkoietara eta trikiti doinuak entzun ahal izan ziren… giro bikaina izan zen", adierazi du Andoni Moto eskoriatzarrak.
Euskal giroa nagusi
Apirilaren 11n, Euskal Konfinamendu Jaia izan zen, eta herritarrak baserritar jantzita atera ziren balkoietara. Basokada sagardo banarekin irten zen balkoira asko; Aitor Aiastuik eta Iraitz Prietok, berriz, haratago joan, eta taloak egin zituzten, baita bizilagunei balkoi batetik bestera pasa ere.
Bereziki nagusientzat
Zapatu honetarako hitzordua bereziki etxeetan konfinatuta dauden pertsona heldu eta nagusientzat prestatu dutela adierazi du Andoni Motok: "Oso gustuko dituzte kanta mexikarrak herriko nagusiek, eta zapatu eguerdian aukera izango da horiez gozatzeko. Musika gertutik entzuteko, gainera, Youtuben kanala irekiko dut…".