Alarma egoerari aurre egiteko zenbait aukera eman ditu egunotan Eskoriatzako Udal Bibliotekak sare sozialen bitartez. Konfinatuta etxean daudenak entretenitzea helburu izanik, betiere, irakurzaletasuna sustatuz. Bibliotekak ateak itxita dituen arren, martxoaren 16tik, informazioa behar duenak bertara deitu dezake, 943 71 31 35 telefono zenbakira.
Etxeko txikienei zuzenduta
Arlo eta maila ezberdinetako 50 hezkuntza-kanal baino gehiago ditu Julianmarquina.es webguneak, eta, gurasoek irakasle paperean jartzeko aukera izango dute, plataforman dauden ikus-entzunezkoak oinarri hartuta. Ikasteaz batera, ondo pasatzeko jolasak ere badaude, gainera. Ikasgai ezberdinetako ariketa eta bestelakoez gain, audio-liburuak ere eskaintzen ditu webguneak eta bertan, ipuin kontakizunak entzun daitezke online. Horrekin batera, komikiak ere badira beste aukera bat entretenitzeko, eta hauek, haurrentzat ez ezik, gazte eta helduentzat zuzendutakoak dira, eta bineten bitartez gidatuz istorio grafiko bikainez gozatu ahal izango dute irakurleek.
Liburu gomendioa: 'Miñan'
Ipuinak hitzak baino gehiago direla askotan entzun ohi da, eta, hala, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburuaren gomendioa egin dute Eskoriatzako Bibliotekatik. Horrekin batera, liburua irakurrita edo ez dutenentzat, Amets Arzallusek Ibrahima Balderengana Madrilera egindako bisita bat oinarri duen ikus-entzunezkoa entzun eta ikusteko gomendioa ere egin gura izan dute. Youtube plataforman Miñan idatzita aurkitu daiteke. Bertan, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migratzaileen aferaz hausnartzen da.
'eLiburutegia', 24 orduz
Eusko Jaurlaritzaren eLiburutegia plataformaren bitartez liburu elektronikoak eta filmak online doan eskuratu eta erabiltzeko aukera dago. Hain zuzen ere, baliabide hauek erabili gura dituenak eta interesa duenak zenbait irizpide jarraituz Eliburutegia.euskadi.eus webgunean ehunka aukera aurkitu ditzake.