Larraitz Iparragirre, Maixolen ahizpak adierazi duenez, normalean baino arduratuago egon dira egunotan, etxekoak: "Babes neurri bakar moduan bisitak bertan behera utzi zituzten, baina, era beran, kartzelariak maskara eta eskularru gabe ari ziren. Hala, kartzelak neurri efektiborik hartzen ez zuela ikusita, euren zeldetan geratzeko aukera galdetu zioten presoek kartzelako zuzendaritzari, eta onartu egin diete eskaria".
Beste neurriren batzuk ere hartu dituztela gaineratu du Iparragirrek: "Gaur, martitzena, kartzelariak masakara eta eskularruekin agertu direla esan digu Maixolek, eta higiene neurri batzuk ere hartu dituela kartzelak: lixibarekin desinfektatu dute… Horrekin batera, edukiko duten kontaktu bakarra, janaria ekartzen dieten unea izango da. Bestalde, erizaina eta medikua egunero pasatzen dira, eta ez omen dago kutsatutako inor kartzelan".
Komunikatzeko zailtasunak
Komunikatzeko "zailtasunak" dituztela ere esan du: "Egunkari eta gutunak blokeauta dituzte eta ematen dioten informazio apurrarekin egoera errealari neurria hartzea ez dute erraz. Bestalde, bisitak debekatu zituztenetik astean zortzi minutuko lau dei gehiago egiteko aukera dute".
Hileko azken egubakoitzean, presoei elkartasuna
Sare eta Etxeratek balkoi eta etxeetan mobilizazioak deitu dituzte egubakoitzerako. 19:30etatik aurrera, etxetik senideei goxotasuna transmititu eta salbuespen legediarekin amaitzeko aldarriak sareetan zabaltzeko deia luzatu dute. Aldarri, mezu, marrazki… bat papelean idatzi eta argazkia ateratzera gonbidatu dituzte herritarrak, ostean, sare sozialetan eskegitzeko #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabiliz. Bestelako bideo, abesti, bertso, dantza erakustaldi... egitera ere animatu gura izan dute.