Narciso Pavo Pajuelo 15 urterekin hasi zen areto futbolean jokatzen, 19 urterekin bigarren mailan aritu zen Gasteizko Lehoi taldearekin, eta bere lehen urtean, lehenengo mailara igotzea lortu zuen. Atezaina, entrenatzailea, Eskoriatza Kirol Elkarteko areto futboleko koordinatzailea, eta gaur egun bigarren B mailako Laskorain taldeko entrenatzailea ere bada. ANEFSeko (areto futboleko entrenatzaileen elkarte nazionala) lurralde-ordezkaria da eta ANEFSek berak urrezko intsignia eman zion 2013an. Hala ere, Eskoriatzako Kirol Elkartearekin harremanetan jarraitzen du gaur egun, ahal duen heinean laguntza eskintzen.
Narciso Pavoren lorpenak
Narcisok duela 25 urte, 1995eko irailean, ekarri zuen areto futbola Eskoriatzara, Manuel Muñoz presidente zenarekin batera. Urte hauetan talde bakarra izatetik klubaren etorkizuna ziurtatzen duen egitura sendoa izatera pasatu da kluba. Klubeko jokalari batzuk Euskadiko selekziorako hautatu dituzte eta Espainiako txapelketa jokatu.
Klubaren egitura areto futboleko eskolarekin osatzen da, non jokalariek zortzi urterekin hasi eta lehen taldean bukatzen duten. Eskoriatza Kirol Elkartea Gipuzkoako klub bakarra izan zen horrelako egitura izaten, beste areto futboleko talde bakar batek ere ez zuen horrelakorik. Atala osatzeko, kirol horretako emakumezkoen Debagoieneko lehen taldea eta bakarra sortu zen. Urte hauetan, Eskoriatza Kirol Elkartearekin koordinatuta, Euskadiko lurralde finalak ekartzea lortu da; Andorraren aurka jokatu zen lehen lagunarteko partida, non Euskadiko ereserkia entzun zen; klubaren 50. urteurrenean lehen mailako Xota Navarra taldea ekarri zen; areto futboleko entrenatzaileen Kongresu Nazionala egin da; eta munduko entrenatzailerik onenak ekarri dira, hala nola, Jesus Candelas eta Marc Carmona. Guztiak ere ekitaldi handiak, Eskoriatza areto futbolaren maparen erdian kokatu dutenak.
Areto futbola ezagutzera emanez
Sari honen bidez, Narcisok areto futbol atalaren buru bezala egindako lana aitortu nahi du Eskoriatzako Udalak, 100 jokalari baino gehiago aritu baitira kirol horretan Eskoriatzan, eta entrenatzaile eta begirale talde onenetako bat izatea ere lortu baita. Eskoriatzan egindako lanak areto futbola Debagoienan ezartzen lagundu du. Bere lanari esker kirol honekiko maitasuna transmititzea lortu du, eta areto futbolaren munduan Eskoriatza ezaguna izatea Euskadin eta Espainiako gainerako tokietan.