Inbertsioetarako inoiz baino diru gehiago bideratuko du Udalak

Imanol Beloki 2019ko abe. 18a, 17:09

2020ko aurrekontuak onartu dituzte Eskoriatzan. Gauzak horrela, 5.847.911 eurokoa izango da Eskoriatzak 2020ra begira izango duen aurrekontua, iaz baino, %4,6 handiagoa. Hain zuzen ere, 2019an baino 257.882 euro gehiago. Alderdi jeltzaleak eta Eskoriatzako Elizateen Elkarteak emandako baiezko botoekin izan dira onartuak, EH Bilduk, berriz, ezezko hiru boto eman ditu.

Diru sarrera osoaren ia erdia Foru Funtsetik jasoko du Udalak, aurrekonturen ia erdia (2.871.000 euro), eta beste erdia tasak eta zergak dira (2.578.000 euro). Herritarrek jasaten dituzten zerga horiek %1 igoko dira iazkoarekin alderatuta. Horrekin batera, Eskoriatzako Udalak jasoko duen dirulaguntza 363.000 eurokoa izango dela jakinarazi zuten; aurreko urtekoa baino %25 gehiago.

Igoera orokorra

Herrigintzara 1,2 milioi bideratuko dituzte 2019an, aurreikusi zena baino %35 gehiago: 518.000 euro inbertsioetan, 356.000 euro ekintza eta hobekuntza ikerketetan eta 322.000 euro dirulaguntzetan. Gastu arruntetan eta finantza gastuetan, berriz, iaz baino %4,6 gutxiago gastatuko dute: 2,8 milioi. Eta pertsonal gastuetan, 1,8 milioi, iaz baino %5 gehiago.

Gizarteari dagokionez, berdintasun ekintzetarako 5.300 euro bideratuko dituzte, iazko bikoitza, eta jubilatuen aisialdirako, berriz, 15.000 euro %50 gehiago. Horrekin batera, prekarietate ikerketa egitea proposatzen du Udal Gobernuak. Jasangarritasunean, Manuel Muñoz kiroldegiko eguzki-plakak konpontzeko 25.000 euro bideratuko dituzte eta Luis Ezeiza eta frontoiko gunean energia jasangarria erabiltzeko proiektua garatuko dute. Euskararako eta kulturarako 697.000 euro izango dituzte eta kirolerako eta kirol instalazioetarako 794.000 euro, kirol eta aisialdirako ekipamendua hobetzeko eta kirol programentzat.

Aurrekontu herrikoiak eta parte-hartzaileak direla argudiatuz, erretiratuen ortuen hobekuntzetarako 10.000 euro inguru bideratuko dituzte bi urtetan, eta Gatz Bidea konpontzeko izango da partida bat. Elizateetan, 117.000 euro, eta Herriko elkarteei dagokienez: Musika Eskola 48.000 euro, Kirol Elkarterako 30.000 euro (+%27) eta Errekan Gora egitasmorako 10.000 euro (+%11). Euskaraldiak 9.000 euro jasoko ditu.

518.000 euro inbertsioetarako

Guztira, 518.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetarako, inoiz baino diru gehiago. Adibidez: Joseba Iñurrategi pilotalekua berritzeko 254.000 euro, elizateen bide eta sare hobekuntzarako 70.000 euro, argiteria hobekuntzetarako 78.000 euro eta irisgarritasuna eta mugikortasunari dagokionez, Dorleta auzoko oinezko zubirako 50.000 euro. Jose Arana kalean oinezko bizikleten erreia jartzea eta Intxaurtxueta auzoko irisgarritasun ikerketa egitea ere aipatu zuten.

Inbertsio nagusia, frontoian

Frontoia berritzea izango da inbertsio handiena. Hain zuzen ere, 254.000 euro bideratuko dituzte. Lanak, hiru fasetan egingo dituzte. Erabiltzaileekin adostutakoan, hau egingo dute lehen fasean: zerbitzu sareak berritu, berogailu erradiatzailea jarri, aldagela eta espazio berriak diseinatu eta irisgarritasuna eta konforta hobetu.

Pilota berpiztuz ekimeneko haurrak eskupilotan.

EH Bilduren emendakinei ezetza

Aurrekontuak onartu aurretik, lehenbizi, EH Bilduk aurkeztutako emendakinak izan zituzten hizpide. Sei aurkeztu zituzten, guztira: gazteek bizi duten egoerari aurre egiteko neurriak; genero-berdintasuna bultzatzeko neurriak; gaztelekua handitzea eta berritzea; Santa Anako aparkalekua handitzea; ibilgailuen zarata murrizteko zuzenketa; eta elektrizitate jasangarria kontratatzea. Hala ere, EAJk eta Elizateak osatzen duten Udal Gobernuak ez zituen oposizioaren proposamenak onartu eta eztabaida sortu zen osoko bilkuren aretoan.

Balorazioak

EAJ: "Aurrekontu baikorrak"

"2020ra begira onartu ditugun aurrekontuak eraginkorrak izango direla pentsatzen dugu, eta oso pozik gaude gehiengo batekin onartuak izan direlako. 11 zinegotzitik 7k onartu ditugu, eta lan egiten ari garen adierazle da hori. Aurreko agintaldiko ildoari jarraituz, aurrekontu baikorrak eta parte hartzaileak, sozialak eta integratzaileak izan dira onartutakoak. Orokorrean, arlo guztiek igoera daukate: kulturan, jasangarritasunean, irisgarritasunean…; Inbertsioetan ere inoiz baino diru gehiago izango dugu, 500.000 eurotik gora; herriko elkarteentzako dirulaguntzei dagokienez, musika eskolak eta kirol elkarteak igoera garrantzitsuak izango dituzte, esaterako… eta ea martxan jartzen ditugun", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, EAJko bozeramaileak.

EH Bildu: "Hitz batean, eklektikoak"

"Aurrekontuen gainean egin genuen bileran konpromiso bat eskatu genien, guk aurkezten genituen proposamenen aurrean. Horiek herriko eragile eta elkarteek proposatutakoak ziren; hortaz, guk konpromiso minimo bat eskatu diegu, idatzita jaso zedin. Zehatzago aurkezteko eskatuta, bigarren dokumentu bat aurkeztu dugu, eta neurri malguak dira, baina ez dira beraien gustukoak. Hitz batean esanda, eklektikoak dira beraien aurrekontuak. Azken finean, leku ezberdinetatik hartuta osatu dituzte. Gurekin ez dute konpromisorik hartu nahi izan, eta argi utzi digute. Pena da, guk hainbatetan egin ditugulako proposamenak. Gehiengoa dutenez, beraien aldetik elkarrizketarako eta adostasunerako jarrera bat egon beharko litzateke…", adierazi du Eluska Irazuk, EH Bilduko bozeramaileak.

Elizateak: "Pozik"

"Gure planteamenduak onartu egin ziren bere garaian, eta diru gehiago jasoko dute Elizateek. Hala ere, kontuan hartu behar dira elurra eta sastrakak kentzeko laguntzak, urarena, argiarena, eta baita ere inbertsioak…", adierazi du Iñaki Kerexetak, Elizateetako bozeramaileak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak