Mendiaz gain, balio askotariko irteerak

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 29a, 12:12

Makila eskuan eta ibili basuan egitasmoak hiru urte bete ditu. Hilean behin mendi irteera bat antolatzen dute; orain arte izan duten erantzun ona oinarri, egitasmoarekin jarraitu gura dute antolatzaileek, eskoriatzarren artean ezagutzera eramateko.

Eskoriatzako Makila eskuen eta ibili basuen taldeak hiru urte daramatza hilero-hilero mendi irteerak antolatzen. Hiru lagunen mendizaletasunetik sortutako egitasmoa errotu egin da, eta, erantzun ona izanda, herritar taldetxoa batu eta Eskoriatzako zein bailarako mendi, txoko eta bide berriak ezagutzeko aprobetxatzen dute.

Aisialdira begira sortutako egitasmoa talde irekia da, eta maila askotariko irteerak egiten dituzte. Irteera egiten duten goiz horretan nora joan erabakita aurrez duten arren, moldatu egiten dute, zer-nolako jendea eta gogoa dagoen kontuan hartuta. Hala, gogorragoa izan daiteke edo ez.

Lekuez gain, ohiturak ezagutuz

Egiten dituzten irteerak ez dira soilik ibilbide bat egitea. Parte hartzaileekin konpartitzea, lekuekin batera, alde kulturala eta ohiturak ezagutzea ere badela egitasmoaren helburuetako bat adierazi du Lore Diaz de Gereñu egitasmoko kideetako batek: "Intxortako Jon Etxezarragarekin pare bat irteera egin ditugu, Albertiara eta Jarindora, eta historia ezagutzeko aukera eman digu horrek".

Makilaren sinbologia

Egitasmoaren izena bitxia bada ere, horren atzean badago istorio bat. "Intxaur-makila handi bat eramaten dugu irteera guztietara, eta testigu moduan pasatzen diogu hurrengo irteera antolatzeko interesa duenari. Horrekin batera, koaderno bat ere eramaten dugu hausnarketak idazteko, ibilbideak marrazteko, edo pasarteren bat edo beste idatzita geratu dadin, eguneroko gisa".

Irteeren berri izateko

Haurrak eta helduak asko doazen arren, gazteak animatzea ere gustatuko litzaieke taldeko kideei. Hori horrela, interesa dutenek Eskoriatzako Udalaren agendan eta GOIENAren agendetan izango dute irteeren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak