Gabonetan Eskoriatzan geratzeko arrazoi ugari

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 21a, 15:59

Eskoriatzako Udalak jarduera asko prestatu ditu Gabonetarako. Horren guztiaren berri emateko, Gabonak Eskoriatzan lelopean aurkezpena egin zuten, eguaztenean. Hain zuzen ere, data hauetan izango diren ekintza guztien berri eman zuten.

Gabonak iristear daude, eta data hauetan herrian geratzeko eta bertan gozatzeko ekintza mordoa izango dira. Horien berri arlo ezberdinetako teknikari eta batzordeburuek eman zuten eguaztenean, osoko bilkuren aretoan. Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak, Eneritz Zubia Garapen Ekonomiko eta Turismo teknikariak, Mari Karmen Arrieta Euskara teknikariak eta Arantxa Unzueta Kultura teknikariak hartu zuten hitza, eta urteroko ohiko ekintzez gain zenbait berritasun egongo direla azpimarratu zuten.

IV. pintxo lehiaketa

Azaroko azken asteburuan –egubakoitzetik domekara bitartean, biak barne–, esaterako, Eskoriatzako IV. pintxo lehiaketa izango da. Aurten, sei tabernak hartuko dute parte lehiaketan, inoiz baino gehiagok. Naira, Akeita, Mirentxu, Toki Alai, Urrestilla eta Compostela dira parte hartuko dutenak.

Eskoriatzako IV. pintxo lehiaketako aukerak.

Taberna parte hartzaile bakoitzak pintxo bakarra aurkeztuko du, eta zenbait baldintza ere bete beharko dituzte. Hain zuzen ere, Eskoriatzako produktuak erabili beharko dira: herrian bertan erositako hiru produktu gutxienez erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gainera, produktuen jatorria publiko egingo da. Pintxo bakoitzak 1,80 euroko prezioa izango du, eta ordutegi hauetan probatu ahal izango dituzte herritarrek: 12:00etatik 14:30era eta 18:30etik 21:00etara. "Domekarako ez da ezer berezirik antolatu sari banaketara begira. Izan ere, tabernetakoek lan asko dela adierazi digute, eta pertsonal aldetik ere ez dela beraientzat bideragarria. Horrekin batera, herritar askok pintxo guztiak sari banaketa egunean probatu izan dituzte, eta hori ez da egitasmoaren helburua… Hala, pintxo onena aukeratzeko, pintxo guztiak probatu beharko dira. Aldiz, 50 euroko bi sariren zozketan parte hartzeko, ez da beharrezkoa izango pintxo guztiak probatuta izatea", adierazi du Eneritz Zubiak, Garapen Ekonomiko eta Turismo teknikariak.

Izotz-pista pilotalekuan

Aste bukaera berean izotz-pista jarriko dute Joseba Iñurrategi pilotalekuan eta azaroaren 30etik abenduaren 15era bitartean egongo da irekita. Lehenengo aldia da Eskoriatzan izotz-pista jarriko dutena, eta astegunetan arratsaldez eta asteburuetan eta jaiegunetan goizez eta arratsaldez izango da zabalik. "200 metro karratu ditu eta sarrerak 20 minutuko txandakoak izango dira. Adin txikikoentzat euro bat izango da sarrera eta 18 urtetik gorakoentzat bi euroko kostua izango du. Honekin batera, herriko merkatarien artean sarrera batzuk banatuko ditugu, eta beraiek nahi duten moduan banatuko dituzte", adierazi du Zubiak.

Gabonetako argien piztuera

Abenduaren 5ean, eguena, izango da Gabonetako argien piztuera ekitaldia Fernando Eskoriatza plazan. Haurrentzako eskulan tailerrak izango dira, txokolate-jana, eta herriko txistularien, trikitilarien eta musika eskolakoen ikasleen musika saioa amaitzean piztuko dituzte Gabonetako argiak.

Iazko argi berak mantendu dituzten arren, zenbait auzotan argi berriak jarri dituztela adierazi zuten. Hain zuzen ere, Kuatruenan eta Elorretan.

Euskararen Eguna prest

Bestalde, azaroaren 29an eta azaroaren 30ean izango dira Euskararen Egunaren bueltako ekintzak. Ekitaldi guztiak Fernando Eskoriatza plazan jarriko den karpan izango direla adierazi zuten, eta, honekin batera, datorren urteko Euskaraldiaren berri ere emango dutela adierazi zuten. Horretarako ekitaldi berezia egingo dutela gaineratu zuen Mari Karmen Arrieta Euskara teknikariak.

Herri Eguneko bazkaria Fernando Eskoriatza plazan jarriko den karpan izango da, 14:30ean, eta dagoeneko jarri dituzte txartelak salgai, Inkernu eta Goxo Txiki tabernetan –helduek 11 euro eta 12 urtetik beherako haurrek 9 euro–.

Menuari dagokionez, paella izango da plater nagusia. Gero, Santa Ana gozotegiko bonba pastela izango da, eta edariak norberak jartzea erabaki dute antolatzaileek. Gainera, Eingeinke elkartekoek barra jarriko dute karpa barruan, hala, bertan edariak hartzeko aukera zabalduta. Paella begetarianoa nahi duenak ere eskatzeko aukera izango du, baina mahai erreserba egiten dutenean, orduan abisatu beharko dute.

Mahai erreserbak egiteko, kultura etxera 943 71 46 88 telefono zenbakira deitu beharko da, edo 636 78 59 71 zenbakira whatsapp-a idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak