Igoera txikia izango dute tasek, orokorrean

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 23a, 15:27

Martitzeneko ohiko osoko bilkuran tratatutako gai guztietatik azpimarragarriena 2020. urtera begirako Ordenantza Fiskalen hasierako onarpena izan zuen hizpide udalbatzak. Udal Gobernuak proposatuta, bataz-beste euro bat baino gutxiago igoko dira tasak datorren urtean, –70 zentimo–. EAJ eta Elizateen aldeko botorekin (7 boto), eta EH Bilduren abstentzioaz (4 boto), onartua izan zen zerga eta tasen proposamena.

Nabarmentzeko igoerak honako arloetan emango dira; ur hornikuntza zerbitzuagatik tasa %1,2 igoko da (urteko 2 € inguru); kiroldegia KPIa beste igoko da %0,5 (urteko euro bat baino gutxiago); eta zaborrari dagokionez, %5,13 igoko da (urteko 5,4 € konpostajea egin gabe eta 2,9 € konpostajea egin ezkero). Enpresei ezarritako zergak ere KPI-aren igoera izango dute bakarrik, "euren jardunean laguntzeko", Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuaren esanetan. "Aldaketa handienak honakoak dira: ur kontsumoaren tasa, kiroldegiko tasa eta zabor bilketaren tasa. Guztira, euro bat inguru izango da hileko, zehazki, 70 zentimo. Igoera oso txikia da, eta ezinbestekoa", adierazi zuen Ezkurdiak.

EH Bilduren proposamena

EH Bilduren sei proposamenetik hiru onartu zituen Udal Gobernuak: Etxebizitzetan hobekuntza energetikoa lortzeko obren baimenari hobaria jartzea; egubakoitzetako azokako postuei %30 inguruko tarifa beherakada aplikatzea, bertako merkataritza bultzatzeko; eta, bertako ekoizleei hobariak ematea bertan saltzeko.

Honakoak izan ziren, bestalde, Udal Gobernuak onartu ez zituen proposamenak: Utzik dauden etxabizitzen IBI-ari errekargua jartzea, alokatzeko etxebizitza merkatura ateratzeko; Behar dute familiei IBI-a ordaintzeko diru-laguntza bat ezartzea; eta, Zabor tasan KPI soilik igotzea.

Hori horrela, batez ere, IBI-aren errekargua dela-eta, abstenitzea erabaki zuten EH Bildukoek. Honakoa adierazi zuen Ander Errarte EH Bilduko zinegotziak: "Eskoriatzako etxebizitza hutsei IBIren errekargua ezartzea proposatzen dugu. Herriko gazteek emantzipatzeko zailtasun handiak dituzte, etxeen alokairuen prezioak 600-800 euro bitartean daude, eta eskaintza urria da. Horrekin batera, etxe gutxi batzuk izan arren, horiek merkaturatzea eraginkorra izango litzake…".

Honen aurrean jeltzaleek pasa den agintaldian kendu egin zutela errekargua adierazi zuten, honakoa esanez: "Ez zen eraginkorra izan. Oso etxebizitza gutxi irten ziren merkatura, bigarren etxebizitza duten horiek erabilpena ematen diotelako…", erantzun zion Ezkurdiak, datorren urtera begira, proposamen adostu baten ideia mahai gainean jarriz.

Mankomunitateko udal ordezkarien izendapena

Ohiko bilkuran, Debagoieneko Mankomunitaterako honako ordezkariak izendatzea ere erabaki zuten:

  • Ingurumen batzordea: Titularra: Josu Ezkurdia; ordezkoa: Ana Belen de Castro
  • Garapen ekonomiko eta turismo batzordea: Titularra: Joserran Zubizarreta; ordezkoa: Antonio Regaño
  •  Pertsonal batzordea: Titularra: Joserra Zubizarreta; ordezkoa: Maite Uribe
  •  Kontu eta ogasun batzordea: Titularra: Joserra Zubizarreta; ordezkoa: Josu Ezkurdia
  •  Kirol batzordea: Titularra: Maite Uribe; ordezkoa: Joserra Zubizarreta

Kataluniari elkartasuna

Kataluniako Proces-aren aurkako epaiari buruzko adierazpen instituzionala ere adostu zuten, eta hiru alderdien artean irakurri zuten honako testua:

1. Eskoriatzako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa,
gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna
demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna
erabakitzeko eskubidea.

2. Eskoriatzako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

3. Eskoriatzako Udalak nabarmentzen du Kataluniako Proces-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

4. Eskoriatzako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

5. Eskoriatzako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan beher utz ditzatela.

6. Eskoriatzako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta eskoriatzarrei dei egiten diete bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak