Euskara ardatz izanda, ekitaldi ederra izan zuten Eskoriatzako Berbalagunek, eguaztenean, Zaldibar antzokian. Hamar urtean izan dituen koordinatzaileak, berbalagunak, bidelagunak eta taldearekin elkarlanean aritutako zenbait kide batu ziren bertan, 10 Berba, 11 lagun lelopean ospatutako ekitaldi berezian, baita ekitaldiaz gozatu nahi izan zuten herritarrak ere.
Hala, Eskoriatzako Berbalagunak taldearen 10. urteurrena ospatzeko hamar hitz hautatu zituzten egunerako: abentura, sorpresak, harremanak, herria, euskaraz, ikasi, taldea, belarriprest eta ahobizi eta berbalagunak. Hitz bakoitza oinarri izanda, Eskoriatzako Berbalagunen hamar urteko ibilbidea eta kontakizun bat edo beste kontatzeko aprobetxatu zuten. Horrekin batera, egunerako prestatutako ikus-entzunezkoa ikusteko aprobetxatu zuten. Egindako ekintzen errepasoa egin zuten argazkitan, lehenengo: mintzodromoa, irteerak, afariak, Zaldibar antzokian egindako ekitaldiak, Euskaraldia… Ondoren, urte horietan izandako zenbait kideren testigantzak entzun zuten momentua izan zen. Ekitaldiko une hunkigarriena izan zen hura.
Testigantza hunkigarriak
Berbalagun taldean aritutako edo gaur egun ari diren partaideek beraien iritzia eman zuten egitasmoaren bueltan: "Euskara praktikatzeko baliabide garrantzitsua da"; "Elkar ezagutzeko bestelako modu bat bilatu daiteke Berbalagunetan"; "Garrantzitsuena pausoa ematea da, lotsak eta beldurrak alde batera utzi, eta askatasun guztiarekin berba egiteko talde irekia baita"; "Edozein herritarri gomendatzeko moduko egitasmoa dela esango nuke nik"; "Guraso Berbalagunak taldeak haurrekin euskaraz hitz egiteko bidea ematen dit"… halakoak nabarmendu zituzten, besteak beste.
Iratxe Arrese, Eskoriatzako Berbalagunak egitasmoko koordinatzailea: "Zenbait talde ditugu, eta giro ederra izaten da guztietan. Herri euskaldunagoa egiteko aproposa dela diote partaideek, eta nik ere hala uste dut"
Ituiñoren magia
Ekitaldia girotzeko, Imanol Ituiño magoaren saioa izan zuten bertaratu zirenek. Gertuko magia, areto magia, publiko handiarentzat, txikiarentzat, nagusi zein umeentzat eskaintzen du saioa bilbotarrak, eta oraingoan ere ez du hutsik egin; izan ere, harrituta utzi zituen ikusleak bere trukoekin, eta umorea ere e zen falta izan.
Parte hartzeko egin beharrekoa
Ikasturte berrira begira, lanean hasi dira Berbalagun taldeak, baina interesa duen edonork har dezake parte bertan. Horretarako, berbalagunak@gmail.com helbide elektronikora idatzi, 661 74 63 76 telefono zenbakira deitu edo, talderen bat ikusiz gero, beraiengana gerturatzea dela bidea adierazi dute.
Juanito Uriarte, Eskoriatzako Berbalagunak egitasmoko bidelaguna: "Hiru urte daramatzat Berbalagunetan, eta esperientzia izugarria da. Euskara erabili beharra dago, eta horretarako bidea ematen du egitasmo honek".
Maider Nafarrate, Eskoriatzako Berbalagunak egitasmoko bidelaria: "Duela hamar urte abentura moduan hasi ginen, eta jarraipen handia izan du, aberatsa den egitasmo bihurtuz, eta euskaraz bizitzeko aukera emanaz".