Fatxadako lanak egiten ari dira zaharren egoitzan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 5a, 11:31

Hirugarren fasean, lehenengo solairuan egin dituzte lanak, baina geratzen da zer egin: erizainentzat bulegoa jartzea, erdiko gelan biltegi bat eta bilera gela bat egokitzea… Horrekin batera, fatxadako lanak geratzen dira, eta dagoeneko hasi dituzte.

Hainbat urte pasa dira Eskoriatzako Jose Arana nagusien egoitzako lanak hasi zituztela. Bidea luzea izan da, baina forma hartzen ari da Gipuzkoako Diputazioarekin eta Eskoriatzako Udalarekin elkarlanean Eskoriatzako Jose Arana nagusien egoitzako patronatuak eraikina berritzeko proiektua.

Hiru fase batzen dira proiektu horretan, eta, horiek eginda –hirugarreneko hainbat faltan–, fatxadako lanekin hasi dira. Aurreikuspenen arabera, urtebete iraungo dute.

Goitik beherako lanak, amaitzen

Lehenengo fasean, eraikin zaharreko goiko solairuan banakako lau gela berri jarri zituzten, hiru komunekin, eta, horietako bat partekatuta, terraza egokitu eta igogailu berria jarri zuten. Bigarren fasean, aldiz, beheko solairua egokitu zuten. Irisgarritasuna bermatzeko, espazioak zabalduz, eta bertan, terapia gela, jangela eta egongela handi bat egokitu eta komunak jarri zituzten.

Hirugarren fasean murgilduta

Iazko udan, 2018an, hirugarren faseari dagokionez, egongela eta komunen berrikuntza eta hobekuntzak amaitu zituzten. Hala ere, oraindik hirugarren fasea amaitzeko honako lan hauek geratzen zaizkiela adierazi du Mireia Larrañagak, Jose Arana nagusien egoitzako zuzendariak: "Hiru bulegotan – erizain, sendagile eta zuzendaria– zoru berria jarri eta margotu egingo dute; zentzumen gela, sala sentsoriala, lehenengo solairuko biltegia eta bilera gela sortu eta egokitu egingo dituzte; eta emergentziazko ateak jarriko dituzte".

Jose Arana nagusien egoitza obretan, albotik

Honekin batera, fatxadako lanak ere egiten ari dira. Nagusien egoitza zaharreko eraikineko alde guztietan egingo dituzte lanak, baina aurrealdetik hasi dira, han daudelako uriragazte edo filtrazio handienak. "Eskailera eta fatxadaren materialen konposizioagatik, hezetasun filtrazioak daude egoitzan. Obrak fatxadaren aurrealdetik hasi ditugu, hezetasunarengatik kaltetuen dagoen aldea delako, eta kanpoko eskaileretatik, berritutako beheko solairuko pasilloan filtratutako hezetasuna kentzea, ezabatzea edo deuseztatzea da lehenbizi egin nahi duguna", adierazi du Larrañagak.

Fatxadaren %50, Diputazioak

Azken fase honetako aurrekontuari dagokionez, hau da, fatxadaren aurrekontua, 142.000 euro da, eta Gipuzkoako Diputaziotik jaso duten dirulaguntza, berriz, 85.200 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak