Aste Zapatista abian, "erantzun ona" oraingoz

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 19a, 10:28

Aste Zapatistaren bueltan, herri erdigunean urtero jartzen dituzten apaingarriak.

Aste Zapatista, astelehenen honetan hasi beharrean, pasa den egubakoitzean hastea erabaki zuten EskoZap elkarteko kideek. Horretarako, Udaberriko paseoa egin zuten. Jose Arana nagusien egoitzako egoiliarrak paseatzera atera zituzten, bertako langileen eta senitartekoen laguntzarekin, eta herriko trikitilariek lagunduta. Atzo, bestalde Josefina Fraile Guardacielos plataformako aktibistaren hitzaldia izan zuten kultura etxean, eta jende dezente batu zen bertan.

Aste Zapatistako egitarauan hitzordu ugari geratzen dira oraindik gauzatzeko, eta orain arte egindakoek erantzun ona eman dutela adierazi dute EskoZap elkarteko kideek: "Pasa den egubakoitzean udaberriko paseoa eginaz hastea erabaki genuen. Askotan atera izan ditugu egoiliarrak kalera paseatzera, eta uste dugu egin beharreko zerbait dela. Atzo, bestalde, Josefina Fraile aktibistaren hitzaldian, 30 lagun inguru batu ziren. Interes handiko solasaldia izan genuen, eta aldaketa klimatikoaren gainean gehiago ikasteko aukera izan genuen. Honekin batera, oraindik hitzordu ugari geratzen zaizkigu, eta herritarrak animatu nahi ditugu horietara…"

Josteko hainbat teknika probatzen aritu ziren astelehenean, Emakumeen plazan egindako Ametsak ehuntzen ekintzan. Artileakin puntua, gantxilloa, gerriko telarra, bertako emakumeek egindako makrame lanak ikusteko aukera izan zen . Honez gain, Mexiko eta Txiapaseko emakumearen egoeraren inguruan jardun zuten bertan batu zirenek.

Astelehenean Emakumeen plazan egindako Ametsak ehuntzen ekintza:

Aldaketa klimatikoa hizpide

Atzo, martitzena, Manipulacion climatica. El tiempo no esta loco, lo estan manipulando izeneko hitzaldia izan zen, kultura etxean. 30 lagun inguru batu ziren kultura etxean, Josefina Fraile Guardacielos plataformako aktibistaren saioa entzuteko, eta antolatzaileak pozik geratu ziren saioak izandako erantzunarekin. Aldaketa klimatikoaren bueltako interesdunek gustura entzun zituzten Josefina Fraile aktibistaren hitzak. 

Josefina Fraile aktibistaren hitzaldia, atzo, Eskoriatzan.

Ekintza ugari aurretik

Gaur, eguaztena, esaterako 17:30etatik aurrera, Buztinate buztingilntza elkartekoak Fernando Eskoriatza plazan izango dira, Eraldatzearen magia izeneko tailerra eskaintzen. Eguenean, 19:00etan Biolontxelo kontzertu didaktikoa eskainiko du Eñaut Zubizarreta musikariak, Fernando Eskoriatza plazan…

'Revueltas' filma Zaldibar antzokian

Eguenean, hilaren 20an, 22:00etan, Revueltas film mexikarra ikusteko aukera izango da Zaldibar antzokian. Emanaldia doakoa izango da.

2018an Antonio Jimenez zuzendariariaren gidaritzapean grabatutako lana da, zinema independentearen baitan kokatzen dena, hau da, zirkuitu komertzialetatik kanpo eta aurrekontu murritzarekin egina. Hala eta guztiz ere, aipagarria da Donostia Zinemaldiaren laguntza izan zuela lana gauzatzeko.

Jimenezek, Mexikoko Queretaro estatuko Zinema Eskola Librearen fundatzailea izanik, 50 laburmetrai baino gehiago ekoizten eta aholkatzen lagundu du. Horretaz gain, hainbat sari jaso ditu gidoigile bezala, aipatzekoak dira La Cicatriz eta Nosotros seguimos caminado larbumetraiekin lortutakoak.

Drama honek duen lokalizazio batzuen artean, Queretaroco Pueblito piramidea, Zineteka edota Tlacote El Bajo etxaldea aurkitzen dira, aldiz, aktoreen zerrendari dagokionez, Luz Zavala, Roberto Castañeda, Juan Navarro eta Nyura Delgado dira aktoreetako batzuk. 

Sinopsia: 2009. urtean girotuta dago, eta Mexikar Iraultzaren mendeurrena ospatuko da urtebetera. Gaia aitzakitzat hartuta, zinegile talde batek Jose Revueltas mexikarrak idatzitako Emiliano Zapataren eta Mexiko hegoaldeko iraultzaileen odisea kontatzen duen Tierra y Libertad gidoian oinarrituta, luzemetrai bat grabatzen hasiko da. Proiektua diputatu batek eta senatari batek diruz lagunduko dute, filma aurrera doan heinean ikusiko denez helburu politiko/elektoralak dituztela. Egoera honek filmaren sortze prozesua zein artisten harreman pertsonalak kaltetuko ditu, interes gatazka gogorra sortuz. Gai izango al dira protagonistak erreboltak jasateko?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak