Eskoriatzako alderdi jeltzaleko ordezkariek urduritasunez bizi izan dute kontaketa momentua, eta Joserra Zubizarreta EAJko alkategaiak emozioz jaso ditu datuak: "Ikaragarrizko emaitza da, eta Eskoriatzako herriari eskerrak emateko moduan gaude. Lau urte hauetan egin dugun lanaren emaitza dela esan dezakegu. Aurreikusten genuen emaitza ona, baina ez halakoa… pozez zoratzen nago", adierazi du Joserra Zubizarretak.
EH Bilduk lau eserleku lortu ditu, eta alkatetza lortu ez arren, pozik agertu dira gaurko emaitzekin. "Niretzat berria izan da, eta parte-hartzean gora egin dugu, beraz, datu positiboak direla esan dezakegu. Ez dugu alkatetza atera, hori horrela, zorionak Joserra, eta oposizioan egonda ere, guk gure proiektuak aurrera aterako ditugu. Jendea atzean dugu: feministak, gazteak, pentsionistak… Prekarietatearen kontra egingo dugu, etxebizitza duin batzuen alde egingo dugu, irisgarritasuna…"
Eskoriatzako Elizateen elkartekoek 2015ean baino boto gutxiago jaso dituzte, baina zinegotzi bat lortuta helburua bete dutela adierazi du Iñaki Kerexetak: "Boto gutxiago izan ditugu, eta hori aztertu beharko dugu. Hala ere, pozik gaude zinegotzi bat lortzearekin".
Elkarrekin Podemos koalizioak, bestalde, ez du ordezkaritzarik lortu Eskoriatzako udalean. Hori horrela, Salva Gonzalezek adierazi du lanean jarraituko dutela: "Ez didate asko harritu emaitzek. Izan ere, hemengo borroka alderdi jeltzalearen eta EH Bilduren artekoa zen. Ni, gainera, kanpokoa naiz eta horrek ere eragiten du."
Datuei erreparatuz, 2015ean, alderdi jeltzaleak irabazi zituen udal hauteskundeak; 867 botorekin, bost zinegotzi lortu zituen, EH Bilduk 640 botorekin lau zinegotzi, Eskoriatzako Elizateen Elkarteak 246 botorekin zinegotzi bakarra, Irabazi Eskoriatzak 183 botorekin ere zinegotzi bat eta PSE-EEk 139 botorekin ez zuen eserlekurik lortu.