Beñat Arrieta: "Askatasun sentsazio batek bultzatzen zaitu"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 27a, 18:10

Fisika ikasketak mendiarekin uztartu ditu Beñat Arrieta eskoriatzarrak; izan ere, Txilen egon da sei hilabetez, eta, ikasteaz gain, kirola egiteko aprobetxatu du denbora.

Fisika ikasketak egiten diharduen Beñat Arrieta eskoriatzarra sei hilabetez izan da Txilen. Ikastera joan bada ere, ondo aukeratu du lekua; izan ere, mendia oso gustuko du, eta ahalik eta denbora gehien mendira joateko aprobetxatu du. Hala, esperientzia ederra bizi izanda, bueltan da Euskal Herrian.

Zer dela-eta izan zara Txilen?

Fisika ikasketak egiten ari naiz, eta Erasmus antzeko aukera bat izan dut Hego Amerikara joateko, eta aukera hori aprobetxatu nahi izan nuen. Ez nuen kasualitatez Txile aukeratu; izan ere, banekien zein aukera zituen bertan, zein mendi dauden… eta, ikasteaz gain, mendian aritzeko ere joan nahi izan nuen.

Fisika ikasketak nola joan dira bertan?

Fisikako legeak ez dira aldatzen hemendik Txilera; hala ere, klaseak emateko moduak ezberdinak dira. Hango metodoak zaharkituta daude, old school erara funtzionatzen baitute; logikako ariketa gutxiago dituzte, buruz gehiago ikasten dute asko, garapen matematiko luzeak egiten dituzte… Faltan igarri dut Euskal Herrian klaseak ematen diren modua. Edozelan ere, Txilekoa askoz errazagoa egin zait, eta, horren ondorioz, hemen baino nota hobeak atera ditut. Hango ikasleak autodidaktagoak dira, eta euren kabuz mugitzeko beste jarrera eta gaitasun bat dute.

Zein mendi igo dituzu Txilen?

Horien artean oroitzapen onenak? Bertara uztail bukaeran iritsi ginen, eta bertan negua da. Horregatik, mendi baxu eta errazenak igo genituen. Gero, Gabon aldera, mendi altuago eta teknikoagoak igo ditugu. Fitz Royko mendikatean egon gara, eta Aguja Guillomet mendia igo genuen. Oso-oso polita, eta, gure lehen aldia zenez, mendikate horretan saiatu gara mendi errazenak hartzen, eta zerbait gehiago probatzeko eta ikusteko gogoz geratu gara. Kate horretan, Guillomet eta L'S mendiak izan dira. Azken horretan ez genuen gailurra egin, 100 metrora geratu ginen haize zakarraren ondorioz.

Paisaia ikusgarriak, ezta?

Mendi eta inguru ikaragarri politak ikusi ditugu. Denetik igo behar da, pixka bat denetik igo behar da. Izotza, elurra, harria, mistoa... Beraz, ezin hobeto.

Aipatu duzun moduan, buelta ere eman behar izan duzue mendiren batean. Halako besterik izan duzue?

Buelta eman genuen lehen aldia Alto de la Posada 4.200 metroko mendian izan zen. Amaieran, 900 metroko korridorea zuen, eta gorantz gindoazela bero sumatzen genuen, zero azpitik gradu bakarra edo, eta hori neguan eta 4.000 metroan ez da ohikoa. Komentatzen hasi ginen: "Tenperatura honekin elurra ez da egonkor egongo, harriren bat jausi daiteke…". Eta esan bezain pronto, harri mordoa jausi zitzaigun, eta, gaua zenez, ez genituen harriak ikusten guregana etortzen. Halako baten, harria harriaren kontra txinpartak ikusi nituen, eta izkina baten jarri nintzen, beldurtuta, eta buelta ematea erabaki genuen.

Arriskua, beraz, nonahi?

Azken finean, arrisku hori hor dagoela badakigu, eta gure lanaren paper handiena arrisku hori ezagutzea da, baloratzen jakitea, eta erabakiak garaiz hartzea, noiz aurrera jarraitu edo ez, eta gero, onartzea, baita ere, dena ondo doanean ere leku samur batean labankada bat izan dezakezula, edo harri bat jausi eta kasualitatez buruan jo… Bultzatzen zaituen askatasun sentsazio bat duzu, eta guztiz libre sentitzen zara. 

Bertara doanarentzat aholkurik?

Garrantzitsuena norberaren aukerak zeintzuk diren garbi edukitzea da, eta norberaren limiteak, eta beti limite horien azpitik saiatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak