Eskoriatzako beharrak batuz, herri hobea eraikitzeko asmotan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 24a, 12:50

Atzo aurkeztu zuten Eskoriatza Lagunkoia taldeko kideek bi urte eta erdiko lanaren diagnosi txostena herritarren artean. Erretiratuen etxeko 18 kide izan ziren oholtza gainean, eta Jose Mari Kortazar ordezkariak programaren nondik-norakoak azaldu ostean, herritarrei galderak eta ekarpenak egiteko tartea utzi zuen.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu eta Matia Fundazioak abiarazitako ekimena da eta bere helburua adinekoek eta, oro har, herritarrek Euskadiko udalerriak hobetzen parte har dezatela bultzatzea da, zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitu ahal izateko.

Hori horrela, atzoko aurkezpenean, Matia Fundazioko Ainara Tomasena terapia okupazionalean diplomadunak egitasmoaren azalpen orokorrak eman zituen, eta ondoren, Jose Mari Kortazar Eskoriatza Lagunkoia taldeko ordezkariak diagnosian batutakoak, eta hori garatzeko egindako lan-prozesuaren gainekoak adierazi zituen. "Zortzi puntutan banatu ditugu herriko beharrak. Hirigintza, osasun zerbitzuak, garraioa… bezalakoak, eta Udalari diagnosia bidali ostean, lehenengo erantzunak batuta, herritarrei adierazi nahi izan diegu gure proiektua zer den".

Herriko beharrak batuz

Diagnosia osatzeko inkestak egin dituztela ere gaineratu zuen Kortazarrek, eta gai orokor batzuk atera direla adierazi zuen: "Txakurren gaineko ordenantzak, garbitasuna, uren egoera, eta inklusio sozialeko gai ugari ere atera dira. Hori horrela, guk batu egiten ditugu herrian ikusten ditugun beharrak, eta gero, dagokionari adierazten diogu, egitea posible bada egin dezan… Hala ere, lan asko dago oraindik egiteko, eta lehenik eta behin, herritarrei diagnosia irakurtzeko eskatu nahi diegu, batez ere azken lau orrietan batzen diren gure eskaerak eta Udalaren erantzunak.

Aurkezpenaren amaieran, Eskoriatza Lagunkoia taldeko hainbat kideek ateratako talde argazkia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak