Ihes eginda dagoen txakurrak berriro egin die eraso ardiei

Mirari Altube Arrese 2018ko abe. 28a, 11:51

Zauritutako ardi bat.

Gabon egunotan egin die eraso ardiei, urriaz geroztik etxetik ihes eginda dabilen txakurrak. Degurixatik Araba aldera, Aumategi inguruan, zebilen artaldeko hamabi ardi zauritu zituen eta lau desagertuta daude.

Eskoriatzako Mazmela auzoko Agarre baserriko artaldea da erasoa jasan duena. Jabier Villarrek basoan zuen artaldea eguraldi ona lagun: "Beste aste pare batez han uzteko asmoa nuen eguraldi ona dugu eta". Abenduaren 25ean joan zen horiek ikustera Degurixara, eta egoera latzarekin egin zuen topo: "Lau ardi desagertuta eta dozena bat zaurituta topatu nituen". Etxera ekarri ditu ardi guztiak eta albaitariarekin dabil zauritutako horiek oneratzeko ahaleginetan: "Osatuta ere arkumeak galdu dituzte hainbatek, oraintxe delako sasoia; eta hori ez dago berreskuratzerik".

Leintz Gatzagatik ihes egindako txakurra

Leintz Gatzagako baserri batetik ihes eginda dagoen txakurra dela erasotzailea badakite inguruko artzainek: "Arabako, Larrea aldeko baserritar batek ikusi zuen abenduaren 25ean bertan", jakinarazi du horietako batek. Bi ziren etxetik ihes egin zuten txakurrak eta 70en bat ardi akabatu zituztenak urria eta azaroa bitartean; horietako bat, erasokorrena, azaroaren 16an hilda agertu zen. Bestearen berririk ez zegoen ordutik, baina basoan dabil eta ardien atzetik, gainera.

Kira txakurra, oraindik ihes eginda dagoena.

 

Babes eta elkartasun falta

Babesik gabe sentitzen dela adierazi du etxean ardiak dituen arrasatear batek. "Basozainek euren arazoak dituzte eta gure egoera aprobetxatu dute hori guztia ateratzeko. Baina guk ez dugu inolako babesik jasotzen", dio haserre eta gaineratu du: "Txakurrek aske ibiltzeko baimena duten zonalde bakarra da gurea, beste leku guztietan isunak jasotzen dituzte jabeek. Baina inork ez du hemen debekurik jartzen, eta hau anarkia da. Mendia zeinek zaintzen du? Ganadua dutenek. Ia 100 ardi akabatu dituzte, baina guk ez dugu elkartasunik sentitu egoera gogor honetan".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak