Herritarren partaidetzan oinarritutako ekimena

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 16a, 11:38

Eskoriatzak merezi du kanpainaren lehenengo bi herri bilerak egin dituzte dagoeneko, eta, hemendik aurrera, elizateetako ekarpenak jasoko dira. Horrekin batera, ekimenaren gainean diseinatu duten inkestaren berri ere eman dute.

Agintaldi hasieran, Udalak herritarren partaidetzan oinarritutako Hiri berritze  plana abiarazi zuen. Ekimen horren baitan, irisgarritasunaren, hiri altzarien egoeraren eta udal zerbitzuen sarearen inguruan herritarren ekarpenak jaso ditu azken urteotan. Ekimen arrakastatsua izan da, Udalaren iritziz, 450 eskaera baino gehiago jaso dira eta horietatik 360 inguru eginda edo egiteko bidean daude eta beste 60 bat baztertu egin dira, hainbat arrazoirengatik. Hori horrela, Hiri berritze plana baztertu gabe, Eskoriatzak merezi du ekimenak pauso bat harago joan nahi du. Horretarako, herritar guztien artean, kale garbiketa, gazte lokalak, ibilgailuen abiadura... hainbat arazo eztabaidatu eta konpondu nahi dituzte.

Eztabaida foroak

Herritarrak aktibatzeko, eztabaidatu beharreko gai batzuen inguruko foroak izango dira. Foro horietan, aniztasuna bilatu nahi du Udalak, ikuspuntu desberdinak aztertu eta sentsibilitate desberdinetako pertsonen arteko kontsentsuak lortzeko. Foro horietan parte hartzeko gonbidapena inkesta baten bidez helaraziko die Udalak herritarrei. Inkestaren bidez, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan edota aurrera eramandako proiektuen inguruan herritarrek dituzten iritziak eta proposamenak ere jasoko dira.

Joserra Zubizarreta alkateak adierazi duenez, "Eskoriatzak merezi du ekimenaren helburua ez da Hiri berritze plana ordezkatzea. Ekimen berri honekin, pauso bat harago joan nahi dugu. Herritarrak ahaldundu nahi ditugu eta ikusarazi nahi diegu egunerokotasuneko gauza txikiekin herrian eragiteko dugun ahalmena. Guztion artean, Eskoriatza hobea egitea da helburu nagusia, guztion inplikazioarekin eta guztion iritziak kontuan hartuta".

Inkesta bidaltzeko

Udaletxean, kultura etxean, liburutegian eta kiroldegian jarriko diren postontzietan utzi ahal izango dira inkestak, azaroaren 23tik abenduaren 14ra; eskoriatzakmerezidu@eskoriatza.eus ere helbidera bidali daitezke. Inkesta udal webgunean eskuratzeko aukera ere izango dute herritarrek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak