'Eskoriatzak merezi du' kanpaina martxan dago

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 9a, 09:15

Herritarren ekarpenak jasotzen, 2015ean Huhezi Unibertsitatean Udal Gobernuak egindako hiri-berritze bileran.

Eskoriatzarren beharrak ezagutzeko bi bilera ireki izango dira: bata, azaroaren 12an, 19:00etan, Huhezin, eta bestea, azaroaren 14an, Ibarraundi museoan, 19:00etan. Horiez gain, elizate bakoitzerako bilera egutegia ere ezarri du Eskoriatzako Udalak.

Zazpi hilabete eskas geratzen dira agintaldia amaitzeko, eta datozen hauteskundeetarako prestatzen ari dira Eskoriatzako udal taldeak. Uztaileko osoko bilkuran, EH Bilduko Aitor Zubizarreta bozeramaileak galdetu zuen ea herri bilerarik egingo den aurrekontuei begira, eta Udal Gobernuko kideek baietz erantzun zuten; pasa den urtetan moduan, Eskoriatzak merezi du lelopean herri bilerak deituko zituztela adierazi zuten. Hori horrela, ekimena hastera doa, eta herri bilera ezberdinak izango dira. Batetik, bi bilera ireki egongo dira: bata, azaroaren 12an, Huhezin, eta bestea, azaroaren 14an, Ibarraundi museoan. Horrez gain, elizateetako bizilagunekin ere izango dira.

Herritarren ekarpenak jasotzeko helburuarekin, 2015ean hiri-berritze plana abiatu zuen Udal Gobernuak, eta urtero egin ohi ditu herri bilera irekiak. Aurten, ordea, beste pauso bat eman nahi dute, eta, entzute aktibo hori alde batera utzi gabe, herritarren aktibazioa bilatu nahi da. Horretarako, Eskoriatzak merezi du ekimena abiatuko dute, herritarren beharrak entzuteaz batera, ekimen horren berri ere emateko herri bilerak antolatuz. Honela adierazi du Joserra Zubizarreta alkateak: "Entzute aktiboan jarraitu nahi dugu, argi baitago eskoriatzarrak direla herria eta bere beharrak hobekien ezagutzen dituztenak. Baina hemendik aurrera, beste pauso bat eman nahi dugu. Eskoriatzarrok, gure jarrerarekin, gure herriaren egunerokotasunean eragiteko daukagun ahalmena bistarazi nahi dugulako. Hala, guztion artean, Eskoriatza hobea egiteko, guztiok harro sentiaraziko gaituen Eskoriatza eraikitzeko, hain zuzen ere".

Bilera egunak, zehaztuta

Lehenengo bilera Huhezi fakultatean izango da, azaroaren 12an, astelehena, 19:00etan, eta bigarren bilera, berriz, Ibarraundi museoan izango da azaroaren 14an, 19:00etan. Bi herri bilera horiez gain, elizateetako bizilagunentzat ere antolatu dute bilera egutegia: azaroaren 19an, 18:00etan, Marinen eta 19:30ean, Zarimutzen. Azaroaren 20an, Leten, 19:30ean, eta azaroaren 21ean, Apotzagan 18:00etan, eta Mazmelan, 19:30ean. Azaroaren 22an, 19:00etan, Mendiolan, eta abenduaren 4an, 18:00etan, Bolibarren, eta 19:30ean, Gellao auzoan.

Gonbidapena herritar guztiei

Hori horrela, Eskoriatzako Udalak eskoriatzar guztiak gonbidatu nahi ditu herri bilera horietan parte hartzera, Eskoriatza hobea eraikitzeko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak