"Pentsatzen dugu ekimen interesgarria dela, eta ez soilik, entitate, udaletxe, Diputazio, edo Jaurlaritzarentzat… Gutariko bakoitzarentzat ere interesgarria da. Beraz, aprobetxatu nahi dut, norbanako bakoitzak, bere euskara maila, gogo…en arabera, ahobizi edo belarriprest izatera animatzeko", adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak.
EUSKARALDIA ekimenari buruzko Adierazpen instituzionala:
Azken neurketetan baieztatu da euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen ari dela Euskal Herrian. Eskoriatzan, esate baterako, 2 urte edo gehiagoko biztanleriaren %62,58 euskalduna dela eta biztanleen %76,43k euskara ulertzen duela.
Eskoriatzako Udalari dagokionez ordezkari politikoen %100ak ulertzen du euskara eta udal langileen %88ak.
Ezagutza datuak Eskoriatzan horiek izan arren, kale erabilera %37,5ekoa da, beraz, badugu hon hobetu eta Euskaraldiak horretan lagunduko digu.
Hori horrela, Eskoriatzako Udalak, ahoba batez, hona hau onartu du:
- Eskoriatzako Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez,erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
- Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.
- Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Belarriprestok, gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
- Eskoriatzako Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.
- Eskoriatzako Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
- Eskoriatzako Udalak bat egiten du ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira, ahalik eta udal gehienetan, mankomunitateetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Gazte aisialdiaren ikerketa
Aretxabaletako Udalarekin hitzarmena ere onartzea izan zuten hizpide, udal bietako gazteriari buruzko azterketa bat kontratatzeko. Gazte aisialdiarekin lotura duen ekimena da, eta azterketa, 12 eta 16 urte bitartekoen bueltan izango da.
"Foru Aldundiak diru-laguntza deialdia ateratzen zuen, eta bi herri edo gehiago elkartuz, puntu gehiago ematen zituela jabetu ginen. Ekimen hau, ikasturte honetarako izango da, eta diru kontuei dagokienez aurtengo eta datorren urtekoei dagokie. Azkenean, lan horren ondorioz, gure gazteek ze balorazio, zein behar ikusten duten… bezalakoak jaso ahal izango ditugu".
Maider Otamendi zinegotzi
Uztaileko plenoan jakinarazi zuen Nestor Arana EH Bilduko zinegotziak, estraofizialki, kargua utziko zuela, Danimarkara joango zelako urtebeterako. Hala, zinegotzi kargua utzita, ordezkoa aurreikusi du EH Bilduk, Maider Otamendi izango dena. Hala ere, hurrengo osoko bilkuran onartuko du kargua.
Herritar baten oparia
Aitor Zubizarreta EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen herritar batek udalarentzat egindako opari bat zeukala. Hain zuzen ere, Arantza Salegi eskoriatzarrak margolan bat egin du, Eskoriatzako ama guztientzat zuzendutakoa dena. Hala, Gizarte Zerbitzuetan jarriko dutela gaineratu zuten udalbatzako kideek, beraien esker ona adieraziz.