Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dorleta eraikina egokitzeko egitasmori heldu dio Mondragon Unibertsitateak. Eta hainbat helbururekin dihardu horretan. Batetik, fakultateak izandako hazkundea dute gogoan. "Dorleta eraikina berritu beharra ikusi dugu, besteak beste, fakultateak izandako hazkundeari aurre egiteko, eraikin efizienteagoa izateko eta itxuraldatzeko –ikasketa zentroak bultzatzen duen hezkuntza eredu berritzailearekin bat etor dadin–", azaldu dute Mondragon Unibertsitateko ordezkariek. Era berean, argitu dute "laster" ekingo dietela egitasmo berriko lanei.
Eta, horrez gainera, Eskoriatzarekiko duen "konpromisoa" berrestea ere lortu nahien artean lukete. "Zerbitzu, eraikin eta ingurune hobea eskaini gura diogu herriari –eta herritarrei–. Beste era batera esanda: campus irekiago, erabilgarriago eta erakargarriagoa bultzatzea da gure asmoa", esan dute. Eta, horretarako, Eskoriatzako Udalarekin dihardute elkarlanean. "Oso estua izaten ari da bion arteko harremana. Baina, betiere, garrantzi handia ematen diogu elkarlanean sakontzeari", diote.
40 urtetik gora
Eskoriatzan Urteak dira Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Eskoriatzan jardutea erabaki zuela. Hain zuzen ere, 1976an egin zuten eraikina –hori horrela, 40 urte baino gehiago daroatza herrian–. Eta ikasketa zentroko arduradunak "gustura" daude orain arteko bilakaerarekin: "Aitzindari izan zen Euskal Herrian. Eta hazten doa". Esan bezala, azken urteetan izandako bilakaera horrek badu zeresanik Mondragon Unibertsitateak hartutako berritze erabakian.