Eskoriatzako Udalak antolatuta, domekan ospatuko da Zuhaitz Eguna Eskoriatzan, eta aurten, iaz bezala, Santa Marina eta Arbiñoste arteko belardian landatuko dituzte zuhaitzak. 2017an, 24 jaiotza izan ziren, eta, landatzeko dagoen leku faltagatik, hamabi zuhaitz landatuko dituzte –urkiak–; bi familiako zuhaitz bat, hain zuzen ere.
Iaz umea izan zuten gurasoak eta jaiotakoak, anai-arrebak, lagunak eta familiakoak… Ibarraundi museotik irtengo dira 11:00etan, Arbiñosterantz, eta zuhaitzak Elai lorezaintza zerbitzukoek eramango dituzte hara. Horrez gain, museoko langileek azalpenak emango dituzte, landareak nola sartu behar diren adieraziz, eta bertaratzen direnei aitzurrak utziko dizkiete, zuloak familian egin ditzaten.
2007an ospatu zen Zuhaitz Eguna lehenengo aldiz Eskoriatzan, eta ordutik hona herriko hainbat txokotan egin dira landatzeak: Aingeru Guardan, Bolibar auzora bidean, Ibarraundi museo alboan, Arbiñosten…
Sinbologia handiko ekimena
Ekimenaren garrantzia azpimarratu du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak: "Zuhaitzek gure bizitzan duten garrantzia sinbolizatzen dute, baita beste hainbat gauza errepresentatu ere, eta zuhaitzen garrantziaren transmisioa egin nahi dugu. Zuhaitzen aldeko kontzientzia pizteaz gain, familian igarotzeko ekimen polita da. Hasiera batean, haurrek zuhaitzak landatu eta etorkizunean bakoitzak landatutako zuhaitza zein den jakiteko asmoz antolatu zen ekimena. Izan ere, jaiotako haur bakoitzeko bat landatzen genuen, baina, azken urteetan, jaiotako haur kopuruaren erdia zuhaitz landatzen ditugu, leku faltagatik".
Landatutakoa zaindu
Aurreko urteetan ere egin dute ekimena, eta iaz landatutako landareak handiagoak izan ziren, indarra hartu eta gal ez zitezen. Hala ere, hainbat landare ihartu egin direla adierazi du Altzuak: "Urteetan gertatu zaiguna da landare txikiak sartu ditugula eta ez dutela indarrik hartu. Hala, iaz handiagoak sartu genituen, baina berdina gertatu zaigu. Oraingoan, zulo handiagoak egingo ditugu, eta jarraipena ere egingo diegu, hobeto zainduta".
Amaitzean, familia argazkia
Ekimenari amaiera emateko, berriz, bertaratzen diren herritar guztiek familia argazkia aterako dute.