'Zurrumurrurik ez!' egitasmoa, borobilduta

Imanol Beloki Unamuno 2017ko abe. 15a, 10:53

Eskoriatzan bizikidetza hobetzeko helburuarekin gauzatu den Zurrumurrurik ez! egitasmoari atzo eman zioten amaiera, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuaren hitzaldiaz. Egitasmoa azaroaren 8an hasi zen, eta hainbat ekintza izan ditu ordutik atzora arte: herritarren arteko lan-saioak, dokumentalen proiekzioak eta atzoko bi hitzaldiak.

Lehenengo tailerrean, hiru taldetan banatuta, generoa, gazteak eta guraso/hezkuntza multzoetan, hausnarketa eta eztabaida egin zuten, Murgibe Berdintasun Aholkularitzakoek gidatuta. Hausnarketa eta eztabaida talde bat sortu zuten lehen saioan, gehien barneratuta ditugun zurrumurruen gainean hitz egiteko, eta horiek apurtzeko helburuarekin. Askotan aurreiritziak nahi gabe sustatzen ditugula adierazi zuten bertan, eta egoera hori aldatzearen inguruan hausnartu zuten. 

Bigarren saioan, berriz, manifestu bateratu bat idatzi zuten herritarrekin partekatzeko, eta, horrez gain, Sitio distinto eta The Basque Hotel dokumentalen proiekzioak izan dira Zaldibar antzokian.

Laguntza sozialen informazioa

Atzo, Ibarraundin egindako hitzaldian, bestalde, gizarte zerbitzuetako udal teknikariek Eskoriatzan dauden migrazio datuei eta laguntzei buruzko informazioa eskaini zuten.

Diru laguntzak nola ematen diren azaldu zuten, zeintzuk diren legeak eta diru laguntzen definizio eta bete beharreko baldintzak, besteak beste. Gainera, diru sarrerak bermatzeko errentak (DBE) eta diru laguntzek izan duten eboluzioa ere aipatu zuten, hainbat datu emanaz. Ondorio gisa, gizarte zerbitzuko teknikariek emandako eta aurreko lan-saioetan ateratako informazioarekin, zurrumurruen gaineko beste ikuspegi bat jaso zuten hara bertaratu zirenek.

Maite Peña, Eskoriatzan

Teknikarien hitzaldiaren ostean, Gipuzkoan dagoen gizarte politikari buruzko hitzaldia eskaini zuen Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak. Adinekoen gaineko hainbat datu eman zituen: Eskoriatzan, 65 urte edo gehiago dituztenak 825 direla (%20,22), egoitzan edo adineko eguneko zentroan dauden itxarote zerrendaz mintzatu zen… Egoitzan konponketak egiteko, aurtengo aurrekontuan eman duten diru laguntza 120.177 eurokoa izan dela adierazi zuen. Hitzaldiez gain, aurreko saioetan, herritarrek bateratutako manifestua aurkezteko aprobetxatu zuten bertaratu zirenek

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak