Lorategi hori nekazaritza ekologikoaren printzipioak jarraituz landuko dute; hau da, naturaren zikloak errespetatzen dituen teknikak erabiliz eta sintesiko produktu kimikoak baztertuz. Loreen arteko konbinazioak erabiliko dituzte landareek izan ditzaketen gaixotasun edo izurriteei aurre egiteko, eta beraiek sortutako konpostarekin ongarrituko dute lurra. "Zomorroek eragin ditzaketen izurriteen kontrako landare batzuk jarri ditugu, bestelako landareei ez eragiteko", esan du Saioa Altzuak, Ibarraundiko teknikariak.
Lorategiak lau gune
Lorategi jangarriak lau gune ditu: cherry tomateak, lonbardak –azak–, landetako piperrak eta Gernikako kalabazak jarri dituzte; guztiak ere, lore usaintsuz inguratuta.
Lorategiaren ardura, berriz, eskolako haurrek izango dute, baina Jose Arana zaharren egoitzako zenbait egoiliar ere izango dituzte bidelagun lan horretan.
Produktua lehengai bihurtu
Proiektu horrekin, haurrek ekonomia zirkularraren oinarriak barneratuko dituzte; hau da, beste ekonomia mota bat, non bukaerako produktua lehengai bihurtzen den berriz, eta ziklo ekonomiko etengabe eta jasangarrian bueltaka jarraitzen duen. Gune horretan, janari hondakinak eta hari lotutako arazoak gutxieneko neurrietara murriztuko lirateke, zikloa ixtea lortzen baita; alegia, jangelako janari-hondarretatik lurra ongarritzen da, berriro janari gehiago lortzeko.
Elikagai asko ez dituztela azaldu du Altzuak, baina helburua haurrek ikustea eta ikastea dela gaineratu du: "Ez dute elikagai askorik aterako. Hala ere, konpostak zertarako balio duen eta janari-hondarrak lehengai nola bihur daitezkeen erakutsi nahi diegu egitasmo honen bitartez".
Konpost-gunea
"Egunero fin-fin joaten dira eskolako umeak jangelako hondarrekin konposta egitera, eta esan beharra dago oso konpost ona egiten dutela…".