Horrez gain, Euskaldun Berrien Plazan Ixotu gazte taldeko kideek egindako marrazkiaren nondik norakoen berri eman zuten. Bertan, txantxangorria, txoriak eta esaldi bat margotu dituzte, Euskararen hegalpean batuko gara leloarekin.
Euskaldun berriak pozik
Ekitaldi instituzionalean, herritar ugari batu ziren; besteak beste, udal ordezkariak, euskaltegiko kideak eta ikastetxeetako neska-mutikoak eta gurasoak. Bestalde, plazaren izena erakutsi zuten euskaldun berriak oso pozik agertu ziren. Honela azaldu zuen Mari Mar Arevalok: "Nire garaian eskolan ez zen euskara asko ematen. 18 urterekin euskaltegira joatea erabaki nuen, euskara pixka bat ikasi eta sakontzeko. Horrez gain, barnetegian ere izan naiz… Izugarrizko ohorea da gurekin akordatu izana, eskerrak eman beharrean gaude…".
Tio Theronen semeen arrakasta
Arratsaldean, berriz, Tio Teronen Semeak taldearen FreshCool kale espektakulua izan zen Herriko Plazan, eta herritarrei asko gustatu zitzaien ikuskizuna izan zen. Plazan jarritako karpa barruan egin arren, barrualdea eta kanpoaldea jendez bete zen. Ikuskizunari hasiera emateko, hainbat herritarri dantzak egin zizkieten, eta ondoren, dantza ezberdinak egin zituzten taldekideek.
Eguna amaitzeko emanaldiak
Euskararen Egunari amaiera emateko, gauean bi kontzertu izan ziren. Lehenbizi, Jasan herriko taldeak eskaini zuen kontzertua, eta ondoren, Akerbeltz taldeak jo zuen. Herritar asko batu zen karpa azpian dantza egiteko, eta erromeriak arrakasta aparta izan zuen.
Herri bazkaria arrakastatsua izan da
Euskararen Eguneko herri bazkarian 130 lagun inguru batu ziren. Bertan, paella aparta jateko aukera izan zuten, eta batzuek, gainera, errepikatzeko aukera izan zuten. Hala ere, ez zen ezer soberan geratu.
Bazkalostean, Imanolek eta Unaik trikiti doinuak jarri zituzten, eta auzolanean dena jaso ondoren dantza egitera animatu ziren herritar asko.