1916-1967 bitartean Vasco-Navarrok Eskoriatza komunikatu zuen, trenak Donostiara, Gasteizera eta Bilbora joateko aukera eman baitzuen. Eskoriatza isolamendutik atera eta komunikazio sarean integratu zen. Garraio sistema hobetzearen ondorioz, bidaiari eta merkantzien fluxua suspertu egin zen, eta eskoriatzarrei aukera berriak zabaldu zitzaizkien. Erakusketa XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen erdialdea bitartean kokatzen da. Hau da, ferrokarrila Eskoriatzara ekartzeko lanak hasi zirenetik trena desagertu zenera arte. Urte haietan zehar trenaren inguruan izan ziren gertaera garrantzitsuenen berri ematen da, egunkarietan argitaratutako berri eta argazkien bidez.
Proiekzioak erakusketan
Aipatutako informazioarekin eta argazkiekin batera hainbat debagoiendarren testigantzei buruzko proiekzio txikiak ere prestatu dira. Ahotsak-ek egindako bideoan, Eskoriatzako Jose Azkarate, Bernabe Errasti, Rufino Segura, Juanita Uribe eta Jose Pagalday, Arrasateko Joxe Arriaran eta Aretxabaletako Pilar Azkarretazabalek trenaren inguruko kontakizunak egiten dituzte. Bestalde, Kepa Elejosteren aitak Vasco-Navarroren azken bidaia grabatu zuen, eta bideo hori ere proiektatuko da Trena Eskoriatzan erakusketan. Bideo, argazki eta informazioaz gain, garai hartako treneko langileen uniformeak eta tren geltokietan erabiltzen ziren hainbat bitxikeria ere ikusi ahal izango dira erakusketan.
Azaroaren 4a bitartean egongo da erakusketa ikusgai eta ordutegia honako hau izango da: urriaren 4tik urriaren 14ra 12:00etatik 14:00era eta 17:00etatik 19:00etara. Urriaren 17tik azaroaren 4ra 12:00etatik 14:00era. Arratsaldeetan eta asteburuan itxita egongo da, berriz.
Trenbide zaharretik ibilaldia
Urriaren 12an, eguaztenean, berriz, ibilaldia egingo da Eskoriatzako trenbide zaharretik. Gatzagatik Eskoriatza 15 kilometrotako bidea egingo da. Irteera 09:15ean izango da Eskoriatzako erdiguneko autobus geltokian eta interesa nahi duen edonor bertaratu daiteke. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, berriz, Ibarraundira edo kiroldegira deitu beharko du.
Hitzaldia urriaren 19an
Urriaren 19an, 18:30ean, Javier Susok, Vasco-Navarro trenaren historian aditua denak, hitzaldia egingo du Ibarraundin. Susoren aitak 30 urtez egin zuen lan trenean, eta Nafarroan Vasco-Navarro ferrokarrilaren lagunak elkartea sortu zenean, duela hogei urte, izena eman eta ordutik obsesio bilakatu da beretzat. "Hitzaldian, urtetan bildutako istorioak, testigantzak, dokumentuak, argazkiak… ekarriko ditut. Baina batez ere, trenean lanean ibili zirenen bizitzaz hitz egingo dut. Trenean lan egiten zutenen arteko elkarbizitza, egiten zituzten tranpak… azalduko ditut, besteak beste".
Lokomotora Eskoriatzan:
Lokomotora idi-gurdi batean eramaten: