EH Bilduren ustez, Foru Gobernuak ez du Bidegi auzia argitu nahi, "ustezko irregulartasunak estaltzea eta egia oztopatzea" baizik

Goiatz Arana Begiristain 2016ko urt. 21a, 17:51

Koalizioak adierazi dute "Bidegi auzia alderdien arteko lehian kokatu nahi" duela EAJk, baina ez dela "alderdi interesen auzi bat, herritarren diruaz eginiko ustezko ustelkeria kasu bat" baizik, eta aurreko gobernuak "zilegitasun eta gardentasun osoz" jokatu zuela. Horri gehitu diote EAJk "balioa kendu nahi" diola Bidegi Auziari, baina "oinarri juridiko sendoa" duela eta "ikerketa batzordea inoiz baino beharrezkoagoa" dela. Albiste barruan, prentsa oharra, osorik.

Prentsa oharra:
 
"Gipuzkoako Foru Gobernuak ez du Bidegi Auzia ikertu nahi eta ez du argitu nahi non dauden AP-1 autobidean egin gabeko lanengatik ordaindutako 30 milioi euro. EH Bilduren ustez, onartezina da ustezko ustelkeria kasu batean arduradun publikoek jarrera ilun eta oztopatzailea izatea, are gehiago epaileak delitu zantzuak ikusi dituenean, oinarri juridiko sendoarekin aurkeztutako kereila onartu duenean eta zazpi pertsona inputatu dituenean. Horregatik, EAJri gogoratu dio 'Administrazio publikoen gardentasunaren aldeko eta ustelkeriaren kontrako oihu soziala dagoela, eta itzalerako eta susmorako tarterik ezin dela egon. Gardentasuna behar du Markel Olanoren Gobernuak'. 
 
Iban Asenjo batzarkideak esan duenez, bereziki kezkagarria da Foru Gobernuaren jokabidea Bidegi auzian: 'Espero genuen bezala, aurreko txosten teknikoak gezurtatzeko dokumentazioa aurkeztu dute. Gardentasuna bermatu eta dudak daudenean ikerketari ateak zabaltzea da Markel Olanoren Gobernuak egin behar duena. Jokabide horrek, nahiz eta larria izan, ez gaitu harritzen, kontutan izanda Bidegin diru publikoa ustez desbideratzeagatik zazpi inputatu daudela; horietako bat EAJko zinegotzia dela, eta Markel Olano eta Eneko Goia lekuko gisa deklaratzera deitu dituela epaitegiak'. 
 
Bidegi auzia alderdien arteko lehian kokatu nahi du EAJk, baina hau ez da alderdi interesen auzi bat, herritarren diruaz eginiko ustezko ustelkeria kasu batez hitz egiten ari gara. Hori da auzi honen oinarria. Zilegitasun eta gardentasun osoz jokatu zuen aurreko Gobernuak: AP-1eko autobidearen obretan egondako ustezko irregulartasunengatik bi kereila jarri zituen delitu zantzu oso larriak atzeman zituelako, eta horren inguruko datu guztiak epaitegira eraman zituen, epaileak aztertu eta gertatutakoa iker zezan. Guztira 30 milioi euroko ustezko diru xahuketaz ari dira bi kereilak, eta ezin dugu ahaztu epaitegiek biak onartu dituztela. 
 
Beraz, EAJk balioa kendu nahi izan arren, oinarri juridiko sendoa du Bidegi Auziak eta administrazio publikoak, hau da, Diputazioak eta Batzar Nagusiek, ustezko ustelkeria kasu oro aztertzeko bideak zabaldu eta gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatu behar dute. Kasu honetan, Foru Gobernuak demostratu du ez duela egia argitu nahi. 
 
Horregatik, EH Bilduren ustez, ikerketa batzordea inoiz baino beharrezkoagoa da; 'oso kezkatuta gaude Gobernu berriaren jarrerarekin, ez ditu argibideak ematen eta ustezko irregulartasunak estali eta egia oztopatu nahi duela uste dugu'". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak