Aintzane Oiarbidek dio "intentzio osoz manipulatutako datuak" aurkitu direla Arlabango tunelaren inguruko kereilaren txostenean

Eneko Azkarate 2016ko urt. 21a, 13:32

Foru Aldundiko Bide Azpiegitura diputatuak, Aintzane Oiarbidek, AP-1eko Arlaban-Eskoriatza Iparraldea zatiko obren likidazioaren inguruan Biduren gobernuak aurreko legealdian jarritako kereilari buruzko agerraldia eskaini du gaur goizean. Kereilarekin batera aurkeztutako dokumentazio teknikoaren azterketa egin berri dute Foru Aldundiko ingeniariek, eta lan horren ondorioak aurkeztu ditu Oiarbidek.

"Ustekabekoak ez diren akatsak kalkuluetan eta behin betikotzat hartu ezin diren neurketak, nahiz iruzurraren bidez errealitatea eraldatzeko asmoarekin apropos eginiko manipulazioa" atera dituzte argitara berrazterketa egin duten adituek, Oiarbidek gaur esan duen moduan.

Txosten horretan kereilaren oinarri izan den dokumentazioa berraztertu da eta "akats larriak" aurkitu dituzte "oinarrizko hainbat puntutan".

Kereilaren salaketaren zenbatekoa 17.030.712,50 eurokoa da, baina 8.331.214,05 euro bakarrik saiatzen dira justifikatzen Aintzane Oiarbideren esanetan.

"Erabateko ezjakintasuna"

Kereilan egiten dituzten akusazio nagusiak bi dira:

Batetik, Arabarekin bi aldiz likidatzen direla lanak. Lehendabiziko aldiz 2009an, lanak amaitzean, eta bigarrengo aldiz, 2011n obra guztiaren likidazioa egiten denean. Bi likidazio horien artean 10 milioi euroko diferentzia salatzen dute, "baina inolako dokumentaziorik eta frogarik aurkeztu gabe".

EAJ eta PSE-EEren foru gobernuaren esanetan, azken txosten honek "agerian utzi du kereilaren dokumentu teknikoan erabateko ezjakintasuna" gailentzen dela: 56. Zertifikazioa (behin behineko ordainketa bat) Azken Likidazioarekin (obra guztia behin betiko likidatzen denean) nahasten dutelako, Oiarbidek esan duenez.

Bestetik, akats berdina errepikatzen da Hormigoi proiektatua eta hura armatzeko erabiltzen den altzairuzko zuntza zenbatzerakoan, Aintzane Oiarbideren ustez. "Zertifikazioak eta likidazioak nahasteaz gain, datuak oker erabiltzen dituzte".

Horren adibide, Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatuaren azalpenen arabera, Arlabango tunela egiterakoan 144 luizitik gora egon baziren, kereilaren txostenean 20 besterik ez direla jasotzen. "Atal hauetan, intentzio osoz manipulatutako datuak aurkitu dira kereilaren txostenean eta manipulazio hori gabe salaketak oinarririk ez lukeela izango ondorioztatzen du errebisio txostenak" Oiarbidek duoenez.

"Askoz ere akats gehiago"

Gipuzkoako Diputaziotik diote, "berraztertze txostenean azalarazi dituzten bi akats" direla horiek. Izan ere, "kereilan oinarritu duten dokumentu teknikoan, askoz ere akats gehiago daude". Hala, Diputaziotik diotenez, ez dira jasotzen tunelaren eraikuntzan egon ziren gertaeretako asko eta azken likidazioa egiterakoan garrantzia zuten gertaerak dira.

Berraztertze txostenak ondorioztatzen du "frogatuta" gelditzen dela kereilan eginiko neurketak eta bertan agertzen diren balioak ezin direla ontzat hartu; ezin direla baliozkotzat hartu; "errealitatetik oso urrun daudela eta ezin direla hartu benetan exekutatutakoak bezala".

Aintzane Oiarbide Diputatuak adierazi du Foru Aldundiko teknikariek egindako errebisio txostena Azpeitiko epaitegira eraman dutela Diputazioko abokatuek eta hemendik aurrera epaileak aztertu beharko duela aurrerantzean nola jarraitu behar duen prozedura honek. Gipuzkoako Foru Aldundiak aldetik,  epaitegiaren prozedura jarraitu eta errespetatuko du beharrezko laguntza eskainiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak