Urtero moduan, Udalak dei egin die Axtroki Elkarteko merkatariei axtrokiak udaletxean entregatzeko, eta astelehena, hilak 11, izan zen horretarako azken eguna. Hala eta guztiz, aurtengo desberdintasuna da Udalak ez dituela axtroki gehiago aterako, eta diruz emango dituela laguntzak.
Udalak uste du ekimenak ez duela funtzionatzen, eta, gainera, jendeak ez dituela erabiltzen. Ekonomia Garapeneko batzordeburu Maite Zubiak hauxe esan du: "Herritarrekin hitz egin dugu, kalean egindako galdeketekin, eta ez daude gustura. Merkatariek beraien artean erabiltzen dute, baina orokorrean jendeak ez ditu axtrokiak erabiltzen".
Bada, horrekin lotuta, merkatari elkarteko Leire Errasti kideak honako hau adierazi du: "Guretzat, pena da Udala ekimenetik ateratzea; izan ere, ematen diren diru laguntzak Eskoriatzan erabili behar izateak komertzioei eta ostalaritzari bultzada ematen die.
Zifrei begiratuta, bestalde, 2015ean 5.847 axtroki banatu ziren, eta 5.045 axtroki jaso zituen Udalak; 802 axtroki gastatu barik geratu ziren. Datu hauek kontutan hartuta, eta merkatari txikiari laguntzeko beste bide bat aurkitu nahian, Udalak Merkataritza Biziberritzeko Plana jarriko du abian datozen hiru hilabeteetan.
Merkataritza Biziberrituz
Eusko Jaurlaritzari merkataritza biziberritzeko plan bat eskatu zaio, eta horrekin irtenbide egokiagoa bilatzeko asmoa du Eskoriatzako Udalak.
Maite Zubiak esan duenez: "Fideltasuna eta halakoak lantzen lagunduko digute planarekin, eta datuak aterako ditugu. Plana jasotzen dugunean esaten digutenaren arabera jokatuko dugu.