Izan ere, zazpi urteotako indusketetan ateratako aztarnek oso argi utzi dute Atxorrotx historian beti izan dela puntu estrategikoa, Iñaki Sagredo arkeologo-historialari nafarrak esplikatutako moduan.
XII. mendean
Atxorrotxeko gaztelua, lehen aldiz, Atarrabiako foruari buruzko 1184. urteko dokumentu batean aipatzen da, Aizorroc-eko tenetetzat Enecone de Oriz aipatzen denean. Erregeek izendatzen zituzten tenenteak, eta beraien betebeharren artean zeuden bere esku utzitako lurraldea defendatzea eta lurralde hori erregearentzat administratzea.
Ezagutzen dugun lehenengo Atxorrotxeko arduradunari dagokionez, hainbat dokumentutan agertzen da, Eneco, Enequo edo Iñigo izenez. Badakigu Orizen zuela jatorria, bere abizeneko de horrek aditzera ematen duen bezala. Nafarroako herri txiki hori Iruñerrian dago, Tiebas eta Beriain artean.
Zaintzarako
Laburbilduz, kontrolerako puntua izan da hura mendeetan, Burdin Arotik hasi eta Nafarroako Erresumara iritsi arte. Azken aldi horretan, Gipuzkoako ia kontrol osoa zegoen Atxorrotxeko intendente izan zen Eneko de Orizen zaindaritzapean. 10-15 bat gizon zituen zaintza horretan laguntzeko.
Hori guztia azaleratzen laguntzen dihardute aurten bi euskaldun (bata Eskoriatzakoa eta bestea Idiazabalgoa) eta lau kataluniar, Bartzelonako Unibertsitateik bertaratutakoak.
Joan den egubakoitzean hasi eta oraingo asteko egubakoitzera arte jardungo dute Atxorrotxen lanean.