Alkategaiak ezagutzen

Iñaki Kerexeta: "Entzuten dakien pertsona naiz eta gustuko dut jendeak esateko duena entzutea"

Imanol Beloki 2015ko mai. 3a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN |Joseba Iñaki Kerexeta (Marulanda auzoa, 1958) da Eskoriatzako Elizateen Elkartetik alkate izateko hautagaia. 25 urte daramatza Arrasateko Alecop enpresan lanean, erosketa arduradun. Aurretik, aldiz, Eskoriatzako Fagor Ederlanen egon zen mantentze-lanetan.

Zer eskaini diezaiokezu zure herriari?

Gure helburua Eskoriatzako bizilagunen ongizaterako eta garapenerako jarduera da, ekimen eta proiektu mota guztiak bultzatzea.

Zure lagunek zer esan zizuten alkategai izango zinela esan zenienean? eta lanekoek?

Egia esanda lagun oso gutxirekin komentatu nuen zerrendaburu bezala nindoala baina animoak eman zizkidaten. Aldi berean kontziente dira ez daukagula alkatetzara heltzeko aukera handirik, ez baita gure helburua ere. Gu zinegotzi bezala aurkezten gara.

Lanekoek berriz, lasai, ezin egona daukak edo? Berriz saltsaren baten?…

Ba al duzu koadrilan zu beste busti den lagunik?

Eduki ditut eta badauzkat nire inguruan lagunen batzuk lan asko egindakoak eta egiten ari direnak oraindik.

Eta, etxean? Zer esan dizute etxean?

Ezagutzen naute nolakoa naizen eta animoak eman dizkidate. Beraien babes guztia daukat.

Etxekorik izan duzu inoiz udal politikan edo bestelako ardura politikoetan?

Ez dut izan etxean horrelako ardurarik izan duenik. Aurrenekoa naiz esperientzia honetan.

Aholku emailea zara?

Eskatzen badute, nik nire iritzia ematen dut, baina ez naiz aholkuak zabaltzen ibiltzen naizenetakoa. Entzuten dakien pertsona naiz eta gustuko dut jendeak esateko duena entzutea; horregatik, agian, ematen du hotza naizela. Baina behin ematen hasten naizenean, dena ematen dut. Hortaz, entzutea eta jendearen iritzia ezagutzea gustuko dut, nire pentsaerarekin eta egitekoarekin kontrastatzeko, baina egia esateko, nire horietatik ateratzea kosta egiten zait, burugogor samarra naiz.

Eta kanpokoen aholkuak onartzen dituzu?

Entzun denak egiten ditut, gero kasu egin... Batzuetan bai beste batzuetan ez. Nahiz eta gero ea zergatik ez dudan berak emandako aholkua jarraitu entzutea tokatzen zait…

Aisialdian zer egitea duzu gustukoen?

Baserri inguruan gustura ibiltzen naiz. Ala ere gauren baten lagunekin afari pasadatxo bat egitea gustuko dut, batez ere afal ondoko elkarrizketak oso "sakonak" izaten direlako kasu batzuetan. Eta ahal dudan bakoitzean bidaiatu, leku desberdinak ezagutu. Denetan baitago zerbait ikusteko, ezagutzeko, ikasteko…

Norekin izaten duzu nahiago aisialdia igaro?

Familia eta lagunarekin ondo pasatzea oso osasungarria da.

Kasu egiten diezu komunikabideei? Jarraitzen dituzu? Egunkaria, irratia, telebista ala internet?

Aipatutako hedabide mota gehienak jarraitzen ditut. Kasu egitea beste gauza bat da, filtroa jartzea behar beharrezkoa da. Dena den albiste berdinen buruz hainbat kazetarik idatzi edo esaten dutena jakitea ondo egoten da ikuspegi desberdinak ezagutzeko. Nahiz eta kasu batzuetan irribarreak irten edo bekoki beltza sortu. Baina horrela dira gauzak.

Noiz informatzen zara, zein ordutan?

Goizean jaikitzen naizenean aurreneko gauza irratia jartzea izaten da. Eta gauean oheratu baino lehenago interneten botatzen dut begirada bat. Bitartean, paperezko egunkariren bat ere irakurtzen dut. Aste buruetan denbora gehiago daukadanez aste barruan markatuta utzitako artikuluak edo albisteak lasaiago irakurtzea ere gustatzen zait.

Nola moldatzen zara gaztelaniaz? Eta, ingelesez edo frantsesez, egiten duzu?

Naiz eta nire ama hizkuntza euskara izan, nire hezkuntza osoa gaztelaniaz izan da, eta arlo profesionalean ere gaztelania erabiltzea tokatu zait gehiengotan, beraz esango nuke ondo moldatzen naizela. Ingelesa adin helduan ikasten hasitako hizkuntz bat da, eta gure adineko beste askori bezala, nahiko zaila egiten zait erabiltzea, batez ere ez delako asko erabiltzen dudan komunikazio hizkuntza. Baina nahiz modu batera ez bada, bestera konpontzen naiz atzerriko jendearekin. Bai enpresako bezeroekin, eta baita atzerrian turismoa egiten ibili naizenean ere.

Eta sare sozialetan, zer moduz?

Izenez behintzat ezagutzen ditut batzuk. Nire ustez bertan egoteko oso metodikoa izan behar da eta denbora dedikazio bat behar dute. Egia esanda nire buruan ez daude leku preferentean. Konklusioa: ez naizela batere trebea beraiekin.

Twitter, Facebook, WhatsApp… zein nahiago?

WhtsApp da gehien erabiltzen dudana. Twitter eta Facebook-ean lehen esandakoa, astean behin sartzen banaiz…

Whatsapp talderen bateko kide zara?

Baliteke batzuendako gutxi izatea baina bi talde dauzkat bakarrik.

Ez dizut galdetuko zein izan den irakurri duzun azkeneko liburua, baina opariren bat egin behar izanez gero, ze aukeratuko zenuke? (eleberria, poesia, izenburu zehatz bat, autore bat...).

Opari "konprometitu" bat egin beharra tokatu ezkero izenburu batera jokatuko nuke. Baina famili tarteko, lagunen bati edo nahiko harreman pertsonala daukaten pertsona bateri egitea tokatu ezkero, autore batera jokatzen dut. Bakoitzaren gustura moldatuz.

Kamera aurrean hitz egiteak lotsa ematen al dizu? ohituta zaude?

Ez zait orain arte horrelako gauzarik tokatu eta ezin dizut ezer esan. Baina ziur nago lotsa pixka bat emango didala. Profesional handienek ere inoiz edukitzen dute beraien hizkuntzan "beldur eszenikoa" deitzen diotena.

Autobus zerbitzua jarri dute Eskoriatzako auzo batzuetara, gehiago egin behar dela uste duzu?

Dakidanez auzo batera joaten da, eta beste batzuetatik, ez denak, pasatu egiten da. Elizateak hor daude, gutxi edo asko baina batzuk behintzat hazi ere egin dira; bertako bizilagun nagusiak gero eta gehiago dira eta denak, gehiago edo gutxiagotan, mugitzeko beharrak izaten dituzte: erosketak egiteko, medikuarengana jaisteko eta beste hainbat gauzatarako. Garraio publikoa edukitzea ezin bestekoa da nire ustez. Hori esanda, nik nire buruari beste galdera bat ere egiten diot: nola antolatuta? Orain dagoen bezala? Nola daukate beste herrialde batzuetan (Gipuzkoa, Bizkaia…)? Dena den, hor dago autobusa eta bera erabiltzera animatzen dut jendea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak