Filosofia irakasle izanik, hausnarketa eta ideiak eztabaidatzeko zale izango zara ba.
Edozein lan edo jardunetan talde lana da garrantzitsua eta ezinbestekoa, entzutea; hau da, enpatia lantzea. Ezinbestekoa da gainerakoen iritzia ze, ez dago balio duen proiekturik jendearen ekarpenik eta oniritzirik ez badago. Asmorik onena izateagatik ere, jendearen oniritzi barik ez da ona izango; goitik behera ez da ezer gauzatzen, behetik gora eta parekidetasunean gauzatu behar dira ekimenak.
Ze filosofo gerturatzen da gehien zure pentsamolde horretara?
Gaur egun garrantzitsua da besteen lekuan jartzeko ariketa egitea. Beti gaude ikasten eta, eta elkarrizketaren bidez asko ikasten da. Pentsamendu horretan interesgarria da Habermas filosofo alemaniarra. Eta, ikaragarri erakutsi didan beste pentsalaria Paulo Freire da, liberazioaren pedagogia landu du Brasilen, irakasle legez. Oso interesgarria da jakitea irakaslea ez dela irakasten duena eta kito; ikasleari ikasten laguntzen diona da irakaslea.
Ikasleari ikasten laguntzea diozu, baina gelek gaur egun horretarako betarik ematen dute?
Zaila da eta izan baditut 30 ikasleko gelak ere Batxilergoan, baina taldeka antolatuz gero posible da. Denon artean egin behar dugula da oinarria; talde kooperatiboak sortzea. Era horretan, taldean sortzen den aberastasuna banatzeko aukera daukazu eta berdintasunean lan egiteko. Antolaketa, jakina, garrantzitsua da horrela aritzeko.
Beraz, Batxilergoko ikasleak antolatzen eta koordinatzen aritu izanak, udala hobeto kudeatzen lagunduko dizu?
Gazteek asko erakusten dute, bai. Baina, kontua oinarrizkoagoa da: herriak onartzen ez duen proiektu bat gauzatzerik ez dago. Proiektu pertsonal gisa planteatzeak ez du zentzurik, apaltasun handia behar da eta alkatetza ulertu behar da zerbitzu bat dela; ez da agintaritza, zerbitzua da.
Konpromiso horrek, ezinbestean ardura hartzea eskatzen du, onerako zein txarrerako.
Politika berritu nahi badugu ezinbestekoa da hori. Jakina, politikan maila asko daude baina gertukoena eta, agian zailena, herrian egiten dena da. Udalek irekiak izan behar dute eta udala denok gara. Noski, izan baditugu egitasmo batzuk hauteskundeetara aurkeztuko ditugunak, baina herriaren inplikazioa bilatuko dugu aurrera eramateko.
Zer esan nahi duzu, maiatzaren 24koa ez dela izango galdeketa bakarra Eskoriatzan?
Ez, eta berritu nahi badugu ezinbestekoa izango da herriari galdetzea. Batzuek diote jendeak ez duela konpromisorik hartu nahi, baina uste dut gehiago dela parte hartzea gauzatzeko bideak ez ditugulako irekitzen. Legegintzaldi honetan hainbat esperientzia oso positibo egon dira eta bide horretan segitu behar da. Esate baterako, zergatik ez auzo batzarrak sustatu? Proiektu konkretuak gauzatzeko beti dago prest jendea.
Parte hartze prozesuak hausnarketa mailan geratzen dira gehiago?
Hausnarketa ondo dago, baina gauzak egin egin behar dira. Garai bateko auzolana berreskuratu behar da.
Planteamendu horrekin egunero plazan jende ilarak izango dituzula pentsatu duzu?
Ba igual, baina hitz egin beharra dago. Era horretan denen artean eztabaidatuko dugu eta lehentasunak ere horren arabera zehaztuko dira. Jakin badakit, ordezkaritza lortuz gero, lidergoa eramatea, edo bideratzea, tokatuko zaigula, baina aurpegia jartzetik harago atzean dagoen sumendiari erantzuteko izango da.
Horrek animatu zaitu zerrendaburu izatera? Zerk animatu zaitu?
Aldaketa gogoak, hau da, jendearen parte hartzea sustatu nahiak eta iritziak bildu nahiak. Baina, jakina, norberak ematen ez badu beste inork ez du emango, beraz, eta norberak eman behar duenez pausua, ba aurrera!
Baina aurreko udal hauteskundeetan ere aurkeztekotan egon zinen eta azkenean ez ze horrela izan. Orduko arantzatxoa kendu nahi izan duzu oraingoan?
Ez, ez, ezta gutxiagorik ere! Orduan gertatu zena zen zerrenda legez kanpo uzteko arriskua egon zitekeela eta horregatik, izen garbiak eta ez garbiak zirela eta ez zirela, azkenean ez aurkeztea erabaki nuela. Hala ere, egia esateko, aurten baneukan nire planetara jarduteko erabakia hartuta, hau guztia alde batera uzteko, baina azkenean, zera esan nuen: zergatik ez!
Alkate oiharen, Edorta Zubizarretaren, anaia zara eta EAJko hautagaiaren lehengusua ere bai. Dena etxean geratzen da, ala?
Tira… gure aita zenak urte asko egin zituen udaletxean, zinegotzi eta alkateorde legez. Jose Ramonen eta nire osaba bi ere ibilitakoak dira udaletxean. Beraz, etxetik beti jaso izan dugu arlo publikoan parte hartzeko zaletasun hori, baina herriarekin eta herriarentzat.
Aizu, baina, bera ere hezkuntza arloan aritzen da, zu bezala. Antzekotasun gehiago badituzue?
Ez dakit. Batera hazi gara eta hainbat proiektutan ere batera joan izan gara.
Hain gertukoak edo hain ezagunak izateak lagunduko du udal kudeaketan?
Baietz uste dut. Azkenean kontua da konbentzituta egotea gestioa herriarentzat dela. Noski alderdi politiko bat ordezkatzen duzula, baina ondoren denok busti behar dugu kudeaketan, ze nik ez dut nire alderdiaren onerako egingo hau edo beste, baizik eta herriarendako. Eta, lan horretan, iritziak plazaratzea ezinbestekoa da, oposizioan zein alkatetzan. Elkarrizketa da bidea eta ezin zaio inori ukatu.
Unea da politikara jendea erakartzeko?
Krisiak jendea iratzartu egin du eta agerian geratu da politikoak eurentzako bizi zirela. Hor egon den mugimenduak jendearen aldatzeko gogoa piztu du eta indar hori guztia biltzeko unea da. Baina, tamalez, asko emateko duen jendeak, emateko adinean daudenak eta formazio ikaragarria duten emakume eta gizonak horiek, gaur egun ume txikiak dituztenak dira, beraz, politikara euren konpromisoa ekartzea zaila zaie. Horregatik da garrantzitsua denon artean egitea eta jendeari konpromiso zehatzak eskatzea ze, horrek suposa dezake jende horrek parte hartzea.
Zerrendaren aurkezpen argazkia ikusita, batek Twitterren zioen Varufakis ministro greziarraren bufandak gogoratu zuela zurea ikusita. Zeu ere lepoko zalea zara?
Askotan janzten ditut lepokoak eta aukeratzen dudan jantziaren arabera doa lepoko bat ala beste bat; gainera, argazkikoa baino luzeagoa den bat ere badaukat!
Komunikabideak jarraitzen dituzu?
Etxera etortzen naizenean irakurtzen ditut albisteak, egunean zehar ikusi dudana sakontzeko. Telebistako eztabaidak ere ikusten ditut, azken baten, pentsamenduaren mundukoak dira.
Eguraldiaren tarteak segitzen dituzu?
Gustatzen zait eguraldia jarraitzea, baina ez naiz hain zalea. Jakin dakidan gauza bakarra da hego haizea dagoenean Euskal Herrian edozer gerta daitekeela.
Irakurtzeaz gainera, ze beste zaletasun daukazu?
Mendian ibiltzea, lagunekin egotea eta jendearekin hitz egitea; osasun mundua eta medikuntza alternatiboa ere asko jarraitzen ditut. Asmoa nuen mundu horretan gehiago sakontzeko, baina...
Omeopatian sinesten duzu?
Bai eta horixe da erabiltzen dudan bakarra. Ikusi dut funtzionatzen duela eta sinesten dut horretan. Interes ekonomikoak dira omeopatiaren kontrako iritziak sustatzen dituztenak.
Aizu , whatsappa erabiltzen duzu?
Oso gutxi eta esateko dudana ez dut zatikatzen; mezu osoa idatzi arte ez dut bidaltzen. Ez ditut mezu laburrak bidaltzen, esan behar dudan guztia mezu bakarrean bidaltzen dut.
Ea ba, busti zaitez: 2007an ANVk 648, 2011n Bilduk 943 boto, 2015ean EHBilduk?
Ez dakit, 700 inguru? Uste dut hauteskundeak irabaziko ditugula, baina era berean ikusten dut beste zerrendan ere aldaketaren aldeko apustua egiten dutela eta, beraz, horrek zer emaitza izango duen ikusteko dago.