Korrika 19

'Postaka' egingo dute Eskoriatzan

Imanol Beloki 2015ko mar. 11a, 15:46

Eskoriatzako Ixotu Euskarak eta gaztelekuko Gazte Taldeak Korrika Txiki bat antolatzea pentsatu dute martxoaren 20rako, Korrika batzordearen baitan. Eskoriatzako euskaran korrika esan nahi du postaka-k, eta izen horrekin bataiatu dute eguna.

Ekimenaren helburua da kalez kale, herriko eragileen parte-hartzearekin, euskarari bultzada herrikoia ematea. Martxoaren 23an pasatuko da 19. Korrika Eskoriatzatik, eta herritarrei Korrika badatorrela ohartarazteko antolatu dute.

Hasiera batean, Eskoriatzako Intxaurtxueta auzoko biribilgunera soilik iritsi behar zuen Korrika ofizialak, eta, hainbat saiakeraren ondoren, erdiguneko biribilguneraino heltzea lortu dute bi ekimenek. Hori gutxi iruditu zaie Eskoriatzako Ixotu Euskarako eta gaztelekuko Gazte Taldeko antolatzaileei, eta, horregatik, herri osoa zeharkatuko duen Korrika Txikia prestatu dute martxoaren 20rako. Korrika ofiziala imitatzeko asmoz, ibilbidean testigua eramateko prest dauden elkarte eta herritarrei gonbidapena egin diete antolatzaileek, eta herriko elkarte gehienak animatu dira parte hartzera.

Postaka-ren ibilbidea Intxaurtxueta auzoan hasiko da, eta goiko kalean buelta eman ondoren, bukaera herriko plazan izango da. Hasi aurretik, 17:00etan, musikaz girotutako umeendako jolasak egongo dira plazan, ekimena girotzeko asmoz.

Postaka amaitzean, atxikimendu-mezua irakurriko dute eta musika emanaldia izango da, Hankamotx bertso eskolakoen eskutik bertsoak, txistularien laguntzaz kantu saioa… Hori guztia egiten den bitartean, Axtroki merkatari elkartearen tabernetan pintxo-potea egongo da.

Pintxo-potea egubakoitzera

Ekimen hori martxoaren 20an, egubakoitza, izango da. Izan ere, Postaka-ko antolatzaileek merkatari elkartearekin hitz egin dute pintxo-pote eguna eguenetik egubakoitzera aldatzeko, giro ederra egon dadin herrian.

Komunikazio tailerra

Domekarako, hilak 15, herria apaintzeko komunikazio tailerra antolatu du gaztelekuak, Korrika datorrela eta. Martxoaren 23an egin beharrekoez hitz egingo dute herriko gazteek. Gaztelekuan bertan izango da, 17:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak