Jose Aranaren herentzia eske etorri dira udaletxera

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 19a, 09:06

Jose Arana Elortza eskoriatzarraren seme biologiko aitortu du epaitegiak Jose Hipolito Kortabarria eta haren biloba Jose Kortabarria Estarriga. Horiek, herentzia eskubideak eguneratuta eskatu dizkiote Udalari, hau da, Jose Aranak Udalari utzitako 200.000 pezetaren bi herena, eguneratuta milioi bat eta bi milioi euro artean.

Iazko abenduaren 17an izan zuen Eskoriatzako Udalak lehen auzialdiko eta instrukzioko bigarren epaitegiak emandako epaiaren berri. Epai horretan aitortzen da Jose Hipolito Kortabarria dela Jose Segundo Arana Elortzaren seme biologikoa, eta Juan Jose Kortabarria Estarriga dela Jose Segundo Arana Elorzaren biloba biologikoa aitarengandiko lerrotik.

2015eko urtarrilaren 23an, biloba biologikotzat aitortutako pertsonak aurretiazko erreklamazio idazkia aurkeztu zuen udaletxean, herentzia eskubideak eguneratuta eskatzeko Udalari. Epaia irakurri ostean jakin da seme-alabatasun prozedura Vicenta Madina Arriola izeneko pertsona ezezagun baten aurka egin zela, bera izateagatik gertueneko oinordea, eta horrek demandari amore emanda, bestelako tramiterik gabe, epaia eman zen.

Eskoriatzako Udalak dio ezkontzaz kanpoko seme-alabatasun prozeduretan, gurasoak hilda dauden kasuan, oinordekoak izan behar direla alderdi demandatuak (Prozedura Zibilaren Legeko 766. artikuluak berariaz xedatuta duenez), eta, kasu honetan, Udala ez zela demandatua izan, "nahiz eta demandatzaileak aurrez jakin Udal hau oinordeko zela". Hala, Beñat Herce alkateak zera esan du: "Deigarria da demandatu bezala deitua ez izatea seme-alabatasun prozedurara, eta jarraian, herentzia eskubideak erreklamatzeko idazkia aurkeztea Udal honetan".

Berraztertze-errekurtsoa

Hori horrela, berraztertze-errekurtso baten bidez epaia hutsaltzeko aukera egon daitekeen aztertu du Udalak.

Auziari dagokionez, zera dio Hercek: "Epaitegiek bi pertsona horiek Jose Arana jaunaren seme eta biloba biologikotzat aitortu izan arren, horrek ez du atzeraeraginik Konstituzioa indarrean sartu aurreko oinordetza irekietan". Izan ere, dio Konstituzioa indarrean sartu eta gero (14. artikuluak aldarrikatzen du espainiar guztiak berdinak direla legearen aurrean, inolako bereizkeriarik egin gabe jaiotzarengatik), 1981eko maiatzaren 18ko Legeak Kode Zibila aldatu zuen seme-alabatasunari, guraso-ahalari eta ezkontzaren ondasun-eraentzari buruzko arloetan, eta era berean, zortzigarren xedapen iragankorrean jasotzen du Lege hori indarrean sartu aurreko oinordetza irekiak aurreko legeriak arautuko dituela.

Eta gaineratu du alkateak: "Kode Zibilaren 657. artikuluak xedatutakoaren arabera, oinordetza norbait hiltzen den unetik jasotzen denez, eta Jose Arana jauna, ezkongabe hil zenez 1908ko abenduaren 5ean, aplikatu beharko litzaiokeen legeria egun hartakoa da, herentzia jasotzeko bidezko eskubidea seme-alaba legitimoena bakarrik zena".

200.000 pezeta

Jose Arana Elortza eskoriatzarra Madrilera joan zen eta han loteria tokatu zitzaion. Handik bueltan hainbat ekitaldi sustatu zituen eta Donostiako Aste Nagusiaren sortzaileetako bat izan zen. 1908an hil zen eta haren herentzia hainbat lagunek jaso zuten. Udalari 200.000 pezeta utzi zizkion eta hori erabili zuten, ura bideratzeko Eskoriatzan, ikastola sustatzeko eta zaharren egoitzari laguntzeko (sasoi hartan ospitalea).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak