Iazkoarekin alderatuta zertxobait baxuagoa da aurrekontua, 60.000 euro, eta horren arrazoiak hiru dira Beñat Herce alkateak dioenez. "Azken bi urteotan ordenantza fiskalak izoztu izana; aparteko sarrerarik aurten ez egotea; eta sarreren atalean, foru funtsaren igoera".
Aurrekontua garatzeko aspaldi hasi zen lanean Udala; arloz arlokako kudeaketa plana egin zuten lehenengo eta hortik jaso zituzten arlo bakoitzeko eskaerak. Hori osatu zuten gero, prozesu parte-hartzailearen bitartez herritarrengandik jasotako eskaerekin. Eta emaitza izan da aurrekontu orekatua. "Gizarte Zerbitzuetako larrialdi planetarako partida igo egin dugu. Gazteria eta Hezkuntza Saileko aurrekontua ere igo egin dugu, Hezkuntza foroak egindako lana indartzeko; baita Berdintasun eta Euskara Sailetakoak ere, udalbatza honen ardatz direnak", dio alkateak eta gaineratu: "Gainera, aurrekontuan jaso da Zaldibar antzokiko ekitaldietarako partida bat, eta Kultura Mahaiak kudeatuko du". Kaleen garbitasuna hobetzeko asmoa ere badute, eta Udal eraikinetan mantentze lanak egiteko ere bai, kiroldegian eta kultur etxean batez ere.
Inbertsioak
Aurten inbertsioak egiteko diru gutxiago erabiliko dute, 170.000 euro. Eta obra txikiak izango dira gehienak: kiroldegiko sauna berritzea; kultura etxearen instalakuntzak egokitzea; pilotalekuko bolatokia berrantolatzea gazteen beharrei erantzuteko; Zubiate inguruari balioa ematea; ur hornikuntzan behar diren inbertsioak egitea; kanposanturako sarrera eta ingurua txukuntzea; elizateen beharrei erantzutea; eta mugikortasuna hobetzea, bai oinezkoendako, bai autoendako.
EAJ, Alderdi Sozialista eta IU-Ezker Anitza aurka
Elizatetako zinegotziak babestu zuen Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontua. Baina ez beste hiru alderdiek. Alderdi sozialistako zinegotziak eta IU-Ezker Anitzakoak esan zuten oso "aurrekontu teknikoak" direla eta eskoriatzarren "benetako arazoak" ez direla jaso hor. Hauxe zioen Juan Luis Canterok, PSE-EEko zinegotziak: "Apustu guztiz kontserbadorea da, eta uste dugu ez dituela lehentasunezko gaiak jaso. Adibidez, erretiratuen elkartearendako laguntza izoztu egin da, kiroldegira bideratutako partidak ere bai… Etxegabetzeendako laguntzak ere izoztu egin dira, eta etxebizitzaren gaia ez du jaso Udal honek. Hori horrela, ezin dugu babestu".
Eta Juan Luis Merinok, IU-Ezker Anitzakoak zioen: "Maila teknikoan garatutako aurrekontuak dira; arloz arlo dauden beharrak begiratzen dituzte, ordainketak eta sarrerak, eta beste askorik ez. Ez dago inolako irizpide politikorik. Ez dute gizarte politiketan indarrik jarri: etxebizitza politikan eta enplegu politikan ez dago ezer; ez dago inongo partidarik". Eta Merinok jakinarazi zuen emendakinak aurkeztuko dizkiola aurrekontuari.
Zinegotzi jeltzaleak ere aurka bozkatu zuen nahiz eta azalpenik ez eman.
Genero indarkeriaren biktimei laguntzeko protokoloa
Beste kontu batzuk ere eztabaidatu eta onartu zituzten atzoko bilkuran; horien artean, genero indarkeriaren edo sexu erasoen biktima direnei laguntzeko protokoloa. Eta baita Ezker Anitzak aurkeztutako bi mozioak ere: batetik, C hepatitisa duten gaixoei elkartasuna erakusten duena; eta bestetik, Europar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko merkataritza askerako itunaren aurkakoa.