Zaldibar antzokia ateak irekitzeko prest

Irati Goitia 2015ko urt. 16a, 10:28

Urtarrilaren 23an inauguratuko dute Eskoriatzako Zaldibar antzokia. Askotariko erabilera izango du eta Kultur Mahaiak prest du urtarrileko egitaraua. Bada, denaren berri izateko Jose Angel Petralanda, Eskoriatzako Kultura zinegotziarekin izan gara Debagoiena Zuzenean saioan, baita Kultur Mahaiko Iñaki Kortazarrekin eta Miriam Isasmendirekin ere.

"Ia dena dago prest. Gelditzen dira hainbat gauza bukatzeko, baina azken ukituak dira", adierazi du Jose Angel Petralandak, Eskoriatzako Kultura zinegotziak, Zaldibar antzokiaren gainean. Izan ere, datorren egubakoitzean, urtarrilaren 23an, inauguratuko dute eta azken lanetan dabiltza egun hauetan.

Aspaldiko nahia

Horrelako antzoki bat izatea herritarren aspaldiko nahia dela dio Petralandak: "Urtetan eginiko eskaera da, herritarrek faltan izan dute horrelako areto bat".

Bada, udalak ere aspaldi ekin zion proiektua lantzeari. Kultura zinegotziak zehaztu du badirela sei bat urte gaia eskuartean dutela, eta lanak 2012. urtean hasi zituzten. Inaugurazioa irailerako aurreikusi zuten eta gero Gabon aurrerako. "Hainbat oztopo izan ditugu prozesuan zehar, baina jada prest dago ateak irekitzeko eta pozik gaude". Orain arte kultur  emanaldiak  herriko hainbat tokitan egin izan dira. Adibidez, Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultatean edo pilotalekuan. "Orain eraikin bat izango dugu apropos kultur ekintzetarako, ekipamendu egokiarekin", gaineratu du.

Askotariko erabilera

Antzokiak ditu: bi solairu, agertokia, pantaila...  Goiko solairuan 51 lagunentzako aulki daude eta behean 88 –hauek, baina, eszenatoki azpian gordetzen dira, 320 lagunentzako toki zabala sortuz–. Hala, Zaldibar erabilera askotariko antzokia izango da: antzerkiak, kontzertuak, hitzaldiak edo ikus-entzunezkoen emanaldiak. Petralandak zehaztu du oraindik ez dutela erabaki zinema komertzialeko filmak emitituko dituzten.

Historian zehar ere askotariko erabilera izan duen eraikina da. Garai batean komentua eta ikastetxea izan zen, geroago zine areto eta ostean gaztetxe. Hala, historia askoko eraikina da eta hori batu nahi izan dute inaugurazio egunerako prestatu duten dokumentalean. Inaugurazio ekitaldi ofiziala 13:00etan egingo dute, Udaleko eta Aldundiko ordezkariekin. Arratsaldean, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte herritarrentzat: 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. "Herritarrak animatu nahi ditugu. Etor daitezela nola geratu den ikustera". Bisitarako sarrerak liburutegian hartu behar dira aldez aurretik –doakoak dira–.

----------------------------------------------------------------------------------------------

Antzokiaren kudeaketarako Kultur Mahaia osatu dute, egitaraua modu parte-hartzailean prestatzeko nahiaz. Bertako kide dira Iñaki Kortazar eta Miriam Isasmendi.

Noiz sortu zen Kultur Mahaia?
M.I.: Antzokiko lanak bukatzen zihoazen heinean, orain urtebete inguru, hasi ginen batzen. Hasieran gutxiago biltzen ginen; orain gehiago.

Zenbat taldek edo kidek hartzen duzue parte?
M.I.: Etortzen dira, besteak beste: Amuskatik, erretiratuen elkartetik, Eingeinketik, Atxorrotx Kultura Elkartetik, gaztelekutik edo ikastetxeetako guraso elkarteetatik. Norbanakoak ere badaude. Hamar-hamabost bat pertsona ibiliko gara lanean, arlo eta eragile ezberdinetakoak.

Zein helbururekin eratu zen Kultur Mahaia?
I.K.: Argi zegoen antzokiaren kudeaketa izan behar zela herritarra eta parte-hartzailea. Hala, helburua da herritarrak eta norbanakoak animatzea, eta eurek elikatzea antzokia. Denon lana da hau zabalik mantentzea.

Zein da Kultur Mahaiaren funtzionamendua?
I.K.: Hasiera batean hilero elkartzen ginen, baina orain inaugurazioa bertan dugula, hamabostean behin batzen gara. Nik uste dut aurrerantzean ere hala izango dela.

Zeuk antolatuko duzue egitaraua?
I.K.: Bai, gauzak antolatzeaz arduratuko gara.

Kosta al zaizue egitaraua prestatzea?
M.I.: Hainbat eragiletako kideak gaude eta bakoitzak bere proposamenak egiten ditu. Badugu esperientzia eta moldatzen gara


 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak