Erosketa orgak eta aterkiak daude Eskoriatzan bezeroen zerbitzura

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 9a, 16:56

Eskoriatzako Turismo eta Garapen Ekonomiko sailak eta Axtroki merkatarien elkarteak bat egin dute kanpaina berria abian jartzeko. Bi helburu ditu horrek: kaleetan oinezkoak lehenestea eta tokiko merkataritza indartzea. Horretarako erosketa orgak eta aterkiak jarri dituzte bezeroen zerbitzura.

Udaleko Turismo eta Garapen Ekonomiko sailak eta Axtrokik Udalaren bi linea estrategiko elkartzen dituen proiektua aurkeztu dute.

Linea batek jasotzen du mugikortasuna, hau da, oinezkoak lehenestea kalean. Horretarako hainbat ekintza egin ditu Udalak; besteak beste, aparkalekuen seinaleztapenak; ikastetxeekin sentsibilizazio kanpainak; eta Arana kalea oinezkoentzat egokitu.

Eta beste lineak tokiko merkataritza indartzea du helburu: "Udalak ahal duen guztia egin behar du bertako komertzioa bultzatu eta herritarrak sentsibilizatzeko", dio Igor Ezpeletak, Turismo eta Garapen Ekonomikorako zinegotziak. Onartu du Jose Arana kalea oinezkoendako izendatu zutenean merkatariek kezka agertu zutela; izan ere, hainbat eskoriatzarrek erosketak autoan egiteko ohitura dute, batez ere pisu handia hartu behar dutenean eta euria denean. Eta horri irtenbidea emateko erosketa orgak eta aterkiak jartzea bezeroen eskura pentsatu dute.

Aterkiak 26 komertzioetan

Erosketa orgak merkatarien elkarteko zazpi elikagai dendatan egongo dira: "Erosketa egitera datorren edonork hartu ahal izango du orga hori etxera eroateko, baldin eta egunean bertan itzultzen badu", argitu du Leire Errastik, Axtrokiko kideak. Aterkiak, ostera, elkarteko 26 establezimenduetan egongo dira, euria denean erabili eta ondoren itzultzeko.

Azoka berezia abenduan

Urtea bukatu aurretik beste kanpaina batzuk ere egingo dituztela jakinarazi du Errastik: "Hilabete bukaeran sentsibilizazio kanpaina egingo dugu herritarrak kontura daitezen merkataritzak herri baten duen garrantziaz".

Abenduaren 19an, Gabonen atarian, ostera, azoka berezia egingo dute plazan, eskaintza bereziekin eta musikak eta jatekoak girotuta. Eta Gabonetan 1.500 euroko balioa duten sariak zozketatzeko txartelak banatuko dituzte. Bide batez, gogorarazi dute 2014ko axtrokiak erabiltzeko epea abenduan bukatuko dela.
Eta oraindik Axtrokin ez dauden herriko merkatariak gonbidatu dituzte elkartean sartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak