Igerilekuko ura berotzen duten galdarak eta gas galdara gordetzen diren gela ez dago egoera onean, lurra altxatu egin da eta arazoak sortu ditu, eta konpondu beharra zegoela ikusi du Eskoriatzako udalak. "Duela 15 urte zabaldu zen kiroldegia eta teknikoek esan digutenez, azpiko lurra ez da egokia. 2002an hasi zen lurra altxatzen, eta igerilekuko ura berotzen duten galdarak dauden gelako lurra esaterako, altxatuta dago eta makinak hondatzen ari dira", adierazi du Igor Ezpeletak, Eskoriatzako kirol zinegotziak.
Lan horiek egiteko, gela barruko makineria guztia atera dute, lurra berria jartzeko. Gero, makineria berria edo aprobetxatu daitekeena behintzat, berriro sartuko dute, funtzionamendua ona izan dadin.
Funtzionalitatea
Bestalde igerilekuari sakonera gutxituko diote. Orain arte 1,50 metro eta 2,10 metro arteko sakonera izan du igerilekuak eta hemendik aurrera, 1,20 metro, 1,40 metro eta 1,60 metro izango ditu. Modu horretara, kostua aurreztuko dute, batetik. Bai igerilekuan sartzen den ur kantitate aldetik, ur hori berotzeko behar den gasaren kostuaren aldetik eta baita ura tratatzeko behar izaten diren produktuen kostu aldetki ere.
Horrez gain, baina, sakonera gutxitzeak funtzionalitatea ere ekarriko dio igerilekuari. "Izan ere, hankak lurrean jartzeak beste gauza batzuk ere egin ahal izatea ahalbideratzen du, adibidez, aquagym egiteko edo umeekin ibiltzeko", adierazi du Ezpeletak.
Aurrekontua
117.000 euroko aurrekontua dute lan hauek eta hilabete barru bukatuko dituzte. Uztailean hasi zituzten eta urriaren hasierarako bukatuta egongo dira, orduan hasiko baita denboraldi berria.
Bitartean, aurtengo udan ez da igerileku zerbitzurik egon Eskoriatzan eta horrek sortu ditu kexak herritarren artean. Kirol zinegotziaren esanetan, baina, erabilera gutxien udan izaten du igerilekuak, eta horregatik erabaki dute sasoi honetan egitea.