Eskoriatzako erdigunea gas barik, obrako makinak hodia apurtu ostean

Ubane Madera 2014ko api. 2a, 15:47
Sustotik sustora dabiltza gaur (eguaztena) Eskoriatzan. Eguerdiaz geroztik erdigunea gas natural barik dago, hondeatzeko makina batek gas-hodi bat zulatu ostean. Polizia eta suhiltzaileak izan dira bertan, gasi-ihes handia gertatu delako, eta orain, erdigunea gas barik dago.

"Susto handia izan da, bai", kontatu du Beñat Herce alkateak. "Eta hori konpontzen genbiltzala, gainera, tximinia bateko estruktura metalikoa zela jausten den ikusi dut". Bigarren kasu horretan, ingurua zigilatuta dago oraindik, eta 17:00ak inguruan suhiltzaileek ikuskatuko dute teilatuaren egoera. "Ederra eguna!", dio Hercek.

Santa Marinan egiten dabiltzan obran izan dute lehen sustoa eskoraitzarrek. Lanean ziharduen hondeatzeko makinak gas-hodia zulatu eta gas-ihes handia gertatu da. Beñat Herce alkateak egin du gertakarien kontakizuna: "Planoetan-eta ez da azaltzen hodi hori, garapen bako gunea delako hura. Etxebizitzak egin behar dituzte, baina oraindik egin barik daude. Eta apurtu den hodia handia da. Gas-ihes handia gertatu da. Ertzainak eta suhiltzaileak etorri dira. Bizilagunei leihoak ixteko-eta eskatu behar izan diegu. Gainera, hasieran ez dute gasa moztea lortu eta hodia itoarazi egin behar izan dute. Gero, eraztun bat egin eta gasa moztea lortu dute. 12:00ak inguruan gertatu da istripua. Eta orain (15:45) erdigune guztia gas barik dago. Konpontzen ari dira, eta ahalik eta lasterren zerbitzua ematen saiatuko dira, baina ezin dugu esan noiz".

Edozelan ere, dagoeneko arriskurik ez dagoela azaldu du Eskoriatzako alkateak.

Tximiniaren estruktura, haizeak botata

Eta hori gutxi balitz, gas-ihesa konpontzen zihardutela, 12:30-13:00ak aldera Txistularien Arratia kaletxoan (San Juan kale inguruan), etxebizitza bateko tximiniako estruktura metalikoa jausi egin da haizeak botata eta alkatea bera lehen mailako lekuko zela: "Nik neuk ikusi dut zela jausten zen. Suhiltzaileak Eskoriatzan zeuden, baina gas-hodiarekin lanean zebiltzan, eta ezin izan dute ondo begiratu etxe horren teilatuaren egoera. 17:00ak aldera eskailerarekin bueltatuko dira, ikusteko teilatutik beste zerbait erortzeko zorian dagoen edo ez. Bien bitartean, ingurua zigilatuta dago. Ez da etxe zaharra. Eta gainera, ez da lehen aldia inguruan halako zerbait gertatzen dela. Aldameneko blokean pasatu da lehenago antzeko zerbait".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak