Herriko komertzioek eta tabernek euren eskaintzarik onenak kalera atera dituzte gaur Eskoriatzan. Esaterako, bost euroko bono baten truke sei trago hartzeko aukera eskaini dute tabernariek, merkatarien elkarteko kide diren tabernetan.
Jende dezente batu da plazan. Batzuk erostera, beste batzuk ikustera eta gurasoak seme alabekin, umeendako prestatutako ekintzatan parte hartzera. Tortolis ludotekako hezitzaileek ere izan dute lana bertan batu diren neska-mutiko guztiekin.
50 euroren truke 55 axtroki
Herriko merkataritza bultzatzeko ahaleginean, baina, ez da gaurkoa ekintza bakarra izango. Hain justu, atzora arte 50 euroren truke 55 axtroki eskuratzeko aukera izan da. Axtroki horiek moneta gisa erabili ahalko dituzte herritarrek, herriko komertzioetan. Udala, bestetik, maiatzean hasiko da hobarien bidez axtrokiak banatzen."Bultzada bat ematea beharrezkoa da. Jende asko kanpora ateratzen da erosketak egitera eta hau guztia da modu bat hemen gaudela esan eta herrian kontsumitzera bultzatzeko" dio Axtroki Elkarteko Eider Kortazarrek. Eta gaineratu: "Jendeari gustatu egiten zaio herrian erosteko aukerak izatea eta hori landu egin behar da".