Bitter Honeyren agur festa Arrasateko gaztexean

Aitziber Aranburuzabala 2014ko mar. 16a, 14:30

Bitter Honey taldeak egin zuen emanaldia, kontzertu huts bat baino gehiago, oholtzako alde bietan batutako lagunek elkarrekin egindako jaia izan zen. Musikaren aitzakian, opari eta sorpresa ugari izan ziren, Bitter Honeyren agur kontzertuan.

Taularen gaineko protagonista nagusiak, Bitter Honey taldeko kideak baziren ere (Aitor 'Danzing' abesten; Ota gitarran; Enaitz baterian eta Borja baxuan), gertuko musikari asko gonbidatu zituzten eurekin jotzera: Garf, Iñigo Zubizarreta (SA), Jago Goronaeta, (Ekon, Governors, Cool Circus…) , Arkada Socialeko Brian eta Julio (azken hori, Bitter Honeyko Borjaren anaia) eta Xabi Fernandez, Purito.

Lau ordutako musika maratoia

Gauaren hasieratik nabari zen parrandarako asmoa zegoela gaztetxean. Atea zeharkatu orduko jaso zuten zaleek lehenengo oparia: borondatezko sarrera ordainduta, Bitter Honeyren aurrekaria izan zen Radio Wings taldearen diskoa. Aretora sartuta, musikariek zaleentzako gordetako likore botila zuten eskura.

Baina oparirik handiena, etortzear zegoen: kalitate handiko musikaz betetako lau ordutako kontzertu maratoia. Bacon Maiden izenarekin, Iron Maidenen kantuak joaz eta horiek imitatuaz ekin zioten emanaldiari, Bitter Honeyko Aitor, Borja eta Enaitzek, Garf eta Iñigorekin osatuz boskotea.

Aitor Danzing oholtzatik jaitsi eta Borjari pasatuta mikrofonoa, Fat Lizzy izena hartuta, jotzen jarraitu zuten gainontzekoek; oraingoan, Thin Lizzy taldearen bertsioak. Kontzertuko une hunkigarrietako bat etorri zen orduan, orain hiru aste moto-istripu larria izan duen Radio Wings taldeko Danel abeslariari kantua eskaini ziotenean "Ospitalean dago baina nahiko ondo dago eta kantua grabatu eta momentuan bidali zioten" dio Borjak.

Bertsioak une batez alboratu eta Bitter Honeyren kantuek hartu zuten lekukoa. Ibilbidearen gainbegiratua egiten zuten bitartean, kontzertu askotan argazkilari izan duten Xabi Rezabali ardo botila bat oparitzeko aprobetxatu zuten eta baita zaleei garagardo-kupela eskaini ere.

Gaua borobiltzeko, ileordeak jantzi eta Black Sabathekoen itxura eta kantuak hartuta, Bitter Sabath bilakatu ziren. Argiak itsungi bitartean, une polit asko izan ziren; horien artean, Fase Terminali, Borja eta Enaitzen hastapenetako taldeari, omenaldia. Oholtza jendez beteta bertsio ezagunak kantatuaz amaitu zuten kontzertu maratoia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak