Hilabetero Seber Altuben egiten den baserriko produktuen azoka ezohiko lehiaketa baten lekuko izan da gaur: izan ere, lehenengoz egin dute han elkarte gastronomikoen arteko babarrun lehiaketa. Jardunaldi gastronomikoen baitan antolatutako ekimenak, Deba Garaia Landa Garapenerako elkartea, Debagoieneko Turismo Bulegoa eta Arrasateko Udala izan ditu bultzatzaile. Lehiaketan parte hartu duten elkarteak izan dira, Alkartu, Hamaika Gazte, Ziorla, Danok Bat, Meatzerreka, Casino, Bidegain, Udalpe, Txalaparta eta SUDC.
Ikutixo baserriko babarrunak erabili dituzte sukaldean. Guztira 25 kilo, eta goxoenak, Danok Bat elkarteko Juan Luis Lasak eta Roberto Zazok egindakoak izan dira. Hala ebatzi du Hilarion jatetxeko Gabino Yarzak, Santa Anako Iñaki Pildainek eta baserritarren azokan euren produktuak saltzen egoten diren Eduardo Valeronek eta Juan Mari Zuazubizkarrek osatutako epaimahaiak. "Hartu ditugu kontutan hainbat gauza: itxura, azala, alea, salda eta zaporea, eta onenak irabazi du" esan du Juan Mari Zuazubizkarrek.
Goizeko hamaiketarako babarrunak gertu, Seberren egoteko agindua zuten elkarteetako kideek eta ez dute hutsik egin. Epaimahaia banaka banaka 10 lapikoak probatzen joan da eta gero eman duten erabakiaren berri. Saria emateko, Inazio Azkarragaurizar bertaratu da.
Ukitu berezia eman dio gaurko lehiaketak hilabeteroko baserritarren azokari eta herritarrek gustura hartu dute ekintza hori. Gainera, babarrunak dastatzeko aukera ere izan da; euro eta erdiren truke babarrunak jan eta ardoa edan baitute bertaratuek. AEKkoak egon dira horiek zerbitzatzen eta gaur ataratako dirua, eurendako izango da.