Hasieratik eztabaida sortu duen gaia izan da, herritar talde batek, Eskoriatza Garbia izendatua, atez atekoa baino, bosgarren edukiontzia aldarrikatzen zuelako. Egoera ikusita, Udalak hiru hilabetez atez ateko sistema probatzea erabaki zuen eta emaitzen arabera etorkizuneko hondakinen bilketa sistema aukeratzeko konpromisoa hartu zuen. Bada, bi hilabete pasatu ostean, hainbat gauza argitu nahi izan ditu. Hasteko, herritar batzuk sistemaren aurka egon arren, egindako ekintza batuk eta esandako gauzak batzuekin, mugak gainditu dituztela uste dute.
Apurketak eta informazioaren manipulazioa
Udalak garbi utzi nahi izan du, guztiz ados dagoela herritarrek euren iritzia ezagutaraztearekin, eskubide osoa dute-eta; hala ere, protesta egiteko orduan mugak gainditu dituztela salatu dute Udaletik. Besteak beste, herriko biribilguneak zaborrez betetzea, zintzilikarioak 4 x 4 ibilgailu batekin apurtzea, zintzilikarioen ondoan zabor poltsak pilatzea, zintzilikarioen identifikazio kodeak sprayarekin tapatzea edo organikoarentzako edukiontzi komunitarioak errekara botatzea.
Txikizio horien aurrean neurriak hartzea erabaki dute Eskoriatzako Udalekoek. Horretarako, Debagoieneko Mankomunitateko ordenantzetan jasotakoa aplikatuko dute. Apurketez gain, informazio faltsua zabaltzen ari da herrian zehar salatu dute. Besteak beste aparkalekuak galdu direla edo hondakinen bilketan lortu diren datuak era interesatuan erabiltzea.
Hala ere, balorazio positiboa
Hala ere, Udaletik proba pilotuan gauzak behar bezala egiten ari diren herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Eta orain arteko balorazio positiboa egin dute, izan ere bilketa selektiboaren tasa asko handitu da bi hilabete hauetan. Sistema berrian parte hartu dutenei esker, %35etik, ia %80ra igo dela esan du Ezpeletak. Eta hondakin sistema boikot egiten saiatzen ari direnei, errespetuz jokatzeko eskatu die.