Sagredok azaldu digu aurten ere elementu "oso garrantzitsuak" topatu dituztela, eta horiei esker, agerian geratu dela Atxorrotzeko gunea Erdi Aroan baino askoz lehenago hasi zirela erabiltzen: "Aurkikuntza oso garrantzitsuak izan dira. Lan egin dugu estraktu oso antzinakoetan, Erdi Aroan baino lehenagokoetan, eta sartu gara Erromatar garaian eta baita aurreragokoa den Burdin Aroan ere. Horrek eman digu aukera ikerketa egiteko uste genuena baino garai zaharragoetan, zela XII. eta XI. mende ingurua. Mundu ezezagunean sartzen ari gara eta hori da interesgarria", azaldu digu Sagredok.
Horren harira, Sagredok azaldu zuen zein elementu aurkitu dituzten aurtengo indusketetan eta elementu horietako batzuk ere ikusgai jarri zituzten Ibarraundin: "Aurkitu ditugun gauza aipagarrienak hauek dira: erromatar zeramika, beste urte batzuetatik ere bageneukana; baina baita ere aurkitu ditugu krisketak edota Erromatar garaiko armamentua, lehendik ez geneukana aurkituta; garai horretako ezarkin edo aplikeak; oraindik aztertu gabe dagoen armadura baten zati posibleak; eta beste gauza batzuen artean dago fibula bat, fibula bat da brotxe edo krisketa antzeko bat Kristo Aurreko IV. mendekoa izan daitekeena eta hori zeltar garaikoa da, baina ikusi behar da zein testuingurutan dagoen, agian erromatar garaian erabiliko zuten".
Sagredok emandako hitzaldian, auzolanean ibili diren herritarren lana ere txalotu zuten eta etorkizuneko asmoei buruz ere hitz egin zuten. Euren asmoetariko bat da Atxorrotzi etekin turistikoa ateratzea aurrerantzean: "2014an nahi diogu etekin turistikoa ateratzea. Jendea etortzea nahi dugu. Saiatuko gara panelak jartzen, bailararen inguruan ibilbideak jarriko ditugu herritarrak bisitatzera joateko puntu ezberdinetatik, triptiko batzuk seinaleztatzeko… proiektuari forma emango diogu".
Atxorrotzera joateko bideak zehaztu eta ezagutaraziko dituzte, beraz, datorren urtean eta 2014an eta baita 2015ean ere indusketetan lanean jarraituko dute Atxorrotzen.