Eskoriatzan hilaren 28an hasiko dira hiri hondakinak gaika batzeko ontziak banatzen

Mirian Biteri 2013ko urr. 17a, 13:56

Eskoriatzak gertu du, hiri hondakinen bueltan, herriko iparraldean martxan jarriko duen proba pilotua, eta martitzen iluntzean sistemaren aurkezpena egin zuten Ibarraundi museoan. Urriaren 28an eta 29an, ontziak, edukiontzi marroiendako giltza eta dokumentazioa banatu dute herritarren artean; eta urriaren 30ean, komertzioen artean. Proba azaroaren 4an jarriko da martxan, eta hiru hilabeteko iraupena izango du.

Martitzenean egindako batzarrak ikusmin handia piztu zuen; aretoa lepo bete zen eta batzuek gelatik kanpo entzun behar izan zituzten azalpenak. Maria Gonzalezek, informazio zerbitzuko kideak, eman zion hasiera batzarrari. Azaldu zuen proba pilotua Intxaurtxuetan, San Pedron eta Gaztañaduin egingo dela, eta 601 etxebizitzei eragingo diela.

Horrekin batera, gogorarazi zuen sistema zehazterakoan kontuan izan dutela herritarren hainbat erabaki. Irailaren bukaeran, papera zelan jaso edo ontzi arinendako poltsen gainean galdetu zitzaien, baita bilketa puntuen kokapenari buruz ere. Auzo horietako atariek erantzundakoa hartu dute kontuan, eta erabaki horren berri eman zuen Gonzalezek atzoko bilkuran: "papera eta kartoia, esaterako, banaka jasoko dira herritarren artean banatuko dugun ontzi urdinean"; ontzi arinei dagokionez, bakoitzak erabilera bakarreko plastikozko edozein poltsa erabiltzea eskatu dute eskoriatzarrek. Bestalde, bilketa puntuen behin-behineko kokapenarekin erakusketa jarri dute museoan.

Desadostasuna

Parte-hartze prozesu horretan, dena dela, ez dute atari guztiek parte hartu; horren gainean, honakoa esan zuen Gonzalezek: "Denera, 52 atari ziren, eta horietatik, seik ez dute erantzun". Sistemarekiko duten desadostasun hori ere agerian utzi gura izan zuten martitzeneko batzarrean, galderen txandan.

Zintzilikarioak eta edukiontzia

Esan bezala, sistemak zelan funtzionatuko duen azaldu zuten: hainbat bilketa puntu egongo dira sakabanatuta, eta horietan zintzilikarioak eta hondakin organikoarendako edukiontziak jarriko dira; azken horiek komunitarioak izango dira, eta familia bakoitzari emango zaion giltza bidez zabalduko dira; egunero eta edozein ordutan atera ahal izango da organikoa. Papera, errefusa eta ontzi arinendako ontziak, bestalde, zintzilikarioetan utziko dira. Azkenik, beira gaur egungo edukiontzietan uzten jarraituko dute eskoriatzarrek.

Jarraipen batzordea

Esan bezala, proba azaroaren 4an jarriko da martxan, eta hiru hilabeteko iraupena izango du.Denbora horretan, jarraipen batzorde batek emaitzak aztertuko ditu, eta horien arabera erabakiko da hobekuntza neurriak sartzea eta sistema herri osora zabaltzea, edo bertan behera uztea. Batzarrean eskoriatzarrak animatu zituzten batzorde horretan parte har dezatela.

Amaitu aurretik gogorarazi zuten informazio bulegoa dagoela zabalik Ibarraundin, honako ordutegian: astelehenetik eguenera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta egubakoitzetan, goizez. Horrekin batera, honakoa esan zuen Gonzalezek: "Dena ondo joatea espero dugu, eta hori horrela esan dadin, eskoriatzarrei dei egiten diegu proban ondo joka dezatela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak