Udalak atzera bota du tasa turistikoaren kontrako errekurtsoa

Larraitz Zeberio Lekuona

"%100eko hobaria aplikatu ahal izateko hainbat ezaugarri bete behar dira, eta Elgetak ez ditu betetzen", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak.

Maialde landetxeko Jesus Kalboetxeagak aurkeztutako errekurtsoak ez du aurrera egin, eta Aldundiak bultzatutako egonaldi turistikoaren gaineko zerga urtarriletik aurrera aplikatuko da Elgetan ere. 

Udalbatzak urrian egindako ezohiko osoko bilkuran izan zuen gaia mahai gainean. "%100eko hobaria aplikatu ahal izateko hainbat ezaugarri bete behar dira, eta Elgetak ez ditu betetzen", azaldu du Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Foru Arauak dio %100eko hobaria aplikatu daitekeela, baldin eta udalerrian 75 ostatu-plaza baino gutxiago badaude –Elgetan 48 daude–, eta, betiere, turismo intentsitatearen indizea %1etik beherakoa bada –Elgetan %4,2 da–", gaineratu du. 

Urtarrilean aplikatuko da 

Elgetako udal idazkari Gotzon Goikoetxeak aurkeztutako txostenean oinarrituta egin zuten bozketa udalbatzan, eta Udal Gobernuko zein EAJko ordezkarien babesarekin irten da neurria aurrera. "Zerga hori Foru Aldunditik datorren gauza bat da. Udalek nahitaez aplikatu behar dugu. Onartu duguna da zerga txikiena aplikatzea zerbitzu turistiko guztiei, etxebizitza turistikoei izan ezik", azaldu du Unzetabarrenetxeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak