Elgetako ostatuetan ere egonaldi turistikoaren zerga aplikatu beharko da urtarriletik aurrera

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 22a

Osoko bilkura, atzo, Elgetan.

Zerga berria da eta derrigorrez aplikatu beharrekoa. Elgetako udalbatzak erabaki du ostatuen kasuan Aldundiak proposatutako gutxieneko kopuruak ezartzea. Salbuespen bakarra dago; etxebizitza turistikoei dagokiena. Kasu horretan proposatutako kopuru handiena ezarri dute; 6,5 euro eguneko.

Atzo, martitzena, elkartu zen udalbatza, eta hartutako erabakien artean izan zen egonaldi turistikoaren gaineko zerga. "Derrigorrezkoa den zerga berri bat da, eta esparru orokorra ezartzen duen ordenantza zirriborroa bidali du Aldundiak, non gehiengo eta gutxiengo kopuru batzuk markatzen diren", azaldu zuen Ibon Unzetabarrenetxea alkateak. "Ogasun batzordean adostu dugu orokorrean gutxiengo kopurua aplikatzea, eta salbuespena izatea etxebizitza turistikoen kategoria. Kasu horretan, kopuru handiena aplikatzearen alde egiten dugu, ulertzen baitugu etxebizitzak ez direla alokairu turistikorako, baizik eta bizitzeko". 

Jeltzaleen babesarekin

Jeltzaleen babesarekin egin zuen aurrera proposamenak. "Zerga berria da, eta ondo ikusten dugu egindako proposamena. 1.100 pertsona inguruko biztanleriarekin, 48 ostatu plazako eskaintzarekin eta batez beste bi eguneko egonaldiarekin Debagoienean, Elgetako jarduera turistikoak mugatua izaten jarraitzen du, eta tokiko ekonomiarentzat osagarria da; batez ere, familia ostatu txikientzat eta nekazaritza-turismoentzat. Ez dugu uste zergak Elgetan eragin handia izan dezakeenik, baina ikusi egin beharko da ze eboluzio duen", adierazi zuten jeltzaleek.

Uste dute tresna fiskal berriak udal baliabideak indartzeko balio behar duela, baina "sektorearen garapena kaltetu gabe". Hala, "aldizka berrikustearen alde" dago oposizioa.

Establezimenduek aplikatzekoa

Zerga berria urtarriletik aurrera aplikatuko diete ostalaritza establezimenduetan gaua pasatzera etortzen diren bisitariei. Zenbatekoa ostatuaren kategoriaren araberakoa izango da. "Turistek ordainduko diote establezimenduari, eta horiek hiru hilabetean behin egin beharko dute likidazioa Udalean, BEZarekin egiten duten moduan", azaldu zuen osoko bilkuran udal idazkari Gotzon Goikoetxeak.

Udalbatzak hasierako onarpena eman dio ordenantzari. Erreklamaziorik eta alegaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onartuta geldituko da.

Argitzen deliberazio prozesua

Osoko bilkuran, bestalde, Debagoieneko Mankomunitateak energia trantsizioaren norabidea adosteko abiarazitako Argitzen deliberazio prozesuko mandatu organoak hartutako konpromisoak onartu ditu Elgetako Udalak.

Hamaika gomendio dira eta energia kontsumoa murriztera eta berriztagarriak garatzera daude bideratuta. Informazioa gehiago hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak