Berraztertze-errekurtsoa turismo-tasa ezartzeko udal erabakiari

Larraitz Zeberio Lekuona

Maialdeko Jesus Kalboetxeagak aurkeztu du; argudiatu du, besteak beste, herriko turismo-presioa %1etik beherakoa dela.

Elgetako udalbatzak uztailean egindako osoko bilkuran onartu zuen egonaldi turistikoaren zerga ezartzea. Erabaki horren arabera, urtarriletik aurrera herriko ostatuetan gaua igarotzen duten bisitariek tasa bat ordaindu beharko dute. Bada, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu du herriko ostalarietako batek: Maialdeko Jesus Kalboetxeagak. 

Kalboetxeagak zerga arautzen duen Gipuzkoako 3/2026 Foru Araua du oinarri bere argudiaketan. Azpimarratu du 11. artikuluko lehen puntuak ahalmena ematen diela udalei zergaren kuotari %100erainoko hobariak ezartzeko –alegia, tasa 0 euroan uztea–, turismo-presio baxuko irizpideak betetzen badira: udalerrian 75 ostatu-plaza baino gutxiago badaude –48 ditu– eta turismo-intentsitatearen indizea %1etik beherakoa da. Kalboetxeagak dio Elgetak salbuespen hori aplikatzeko baldintzak betetzen dituela, eta Udalak baduela hobaria ezartzeko legezko gaitasuna. 

Zerga, "oztopo"

Errekurtsoan Kalboetxeagak gaineratzen du Elgetan ez dagoela turismoaren menpeko dependentziarik eta jarduera turistikoa mugatua eta familiarra dela. "Negozio apurren lehiakortasuna babestu egin behar da kostaldeko zona masifikatuen aurrean". Argudiatzen duena da zergak zentzua duela kostaldeko eremuetako masifikazioari aurre egiteko, baina Elgetan zerga ezartzea oztopo bat dela tokiko ekonomia dibertsifikatu nahi duten negozioentzat. "Elgetako jarduera ekonomiko nagusia industriala da, ez turistikoa. Onura ekonomikoa ostalaritzara –jatetxe eta tabernetara– mugatzen da, eta jaiegunetan bakarrik. Gaua igarotzen duten gutxiek goi-denboraldian edo asteburuetan egiten dute, gau bat edo bi bakarrik pasata". Gehiago dio Kalboetxeagak errekurtsoan: "Ez dago espazio publikoen saturaziorik. Ez dago turismofobiarik ezta gentrifikaziorik ere. Turismoaren ondorioz ez da etxebizitzen edo alokairuen prezioa igo. Negozio gutxi daude, gizarte-bizitza gero eta urriagoa da, eta sentsazioa dugu saihestu egin dela gure jardueraren irismena eta garapena zein den zehaztea".

Udalak lortuko lukeen diru-bilketaren inguruan ere ohartarazten du ostalariak: "Diru-bilketa garbia hutsala izango litzateke. Zerga hori kudeatzeak, kontrolatzeak eta ikuskatzeak Udalari eragingo liokeen gastu administratiboak bildutako diru apurraren zati handi bat irents lezake, eta zerga bera eraginik gabeko bihurtu".

Gaur, barikua, amaitzen da alegazioak aurkezteko epea. Udalak jakinarazi du alegazioa aztertu eta txostena egingo duela, udalbatzak horren inguruan erabaki dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak