LABek langileen mobilizazioekin lotzen du Elcoro enpresak Geroa kuotak eguneratu izana, ez horrela zuzendaritzak

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 23a

Sindikatuak langileak zoriondu ditu erakutsitako jarreragatik eta azaldu du lanean jarraituko dutela lehen demanda jarri izanagatik "diskriminatuak" izan diren bost langileen "eskubideak defendatzeko". Zuzendaritzatik ziurtatu dute, langileen gehiagoaren babesa dutela, eta kanpo-finantzaketa lortu eta beharrezko likidezia eskuratu izana dela ordainketa ahalbidetu duena.

"Aurreko astean jakin genuenaren arabera, Elcoro Decoletajeko langileok exijitzen genituen Geroa pentsio funtseko ekarpenak jaso ditugu gaur egunera arte. Jarritako salaketez gain, aurrera eramandako ekintza sindikalak fruituak eman ditu eta lortu dugu enpresak gure soldatari dagokion Geroako zatia ordaintzea", azaldu dute sindikatutik.

"LAB sindikatuak langileak zoriondu ditu izandako jarreragatik, bai mobilizazioak babesten baita horietan parte hartzen ere, eta kasu honetan CCOOrekin bat eginda, beste behin ere erakutsi dugu ekintza sindikala baliagarria dela. Argi dago langileen eskubideak egikaritzeko modurik eraginkorrena dela (…) Ez dugu ahazten Geroako lehenengo demanda aurkezteagatik diskriminatuak izan diren bost langileen kasua eta, kasu honetan ere, irmo mantenduko dugu gure jarrera. Gure eskubideak defendatzeagatik diskriminaziorik ez!", adierazi dute.

"Beharrezko likidezia lortu denean"

Elcoro Decoletaje enpresako zuzendaritzak beste irakurketa bat egiten du. "Zuzendaritzak ekintza sindikalaren eraginetik kanpo ordaindu ditu Geroan atzeratutako kuotak. Hain zuzen ere, kanpo-finantzaketa lortu ostean eta ordainketa egiteko beharrezko likidezia lortu denean (…) Elcorok beti bete ditu legezko betebeharrak, eta ez du inoiz jarduera laborala zein sindikala eragotzi", azaldu dute.

Zera gaineratu dute: "Batzordeko kideen %60k deitutako mobilizazioetan, langileen %18k baino ez du parte hartu. Langileen gehiengoaren babesa eskertzen dugu eta diskrezioz eta gure ahalegin osoarekin jarraituko dugu lanean".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak